Sei positibo zenbatu zituzten atzo Zarautzen

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 8a, 13:27

Aurreko bi egunetan baino bi kasu gehiago atzeman zituen atzo Osakidetzak Zarautzen. Atzoko datuekin gora egin du positibotasun tasak, baina eremu laranjan jarraitzen du herriak.

Pandemiaren bigarren olatua ari al da amaitzen? Oraindik birusa gure artean badago ere, orokorrean datuek itxaropentsu egoteko arrazoiak ematen dituzte. Dena den, aurreko bi egunetan baino bi kasu positibo gehiago baieztatu zituzten atzo Zarautzen, alegia, sei -launa izan ziren herenegun eta larunbatean-. Atzoko datuak kontuan hartuta, gora egin du intzidentzia tasak: 326,17koa zen herenegungo zenbatekoekin, eta orain, 330,46koa da. Hala ere, eremu laranjan jarraitzen du herriak.

Atzo, orotara, bederatzi kasu detektatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdean, eta herri guztietan itzalita dago semaforo gorria. Zarautzen izan ziren kasu gehien, eta Azkoitian, Azpeitian eta Orion kasu bana izan zituzten atzo. Eskualdeko beste zazpi herrietan ez zuten positiborik izan. 

100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuei dagokionez, eskualdeko herri guztietan itzali dute semaforo gorria, eta Azkoitiaren kasuan horira pasa de egun bakarrean. 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, Azpeitia eta Zarautz laranja kolorez jarraitzen dute, eta, Azkoitiarekin batera, Orio eta Zumaia horiz.

Hego Euskal Herriko datuei so eginez, positibo kopuruak behera egin du. Egia da, baita ere, proba gutxiago egin zituztela atzo. Hala ere, 430 positibo zenbatu zituzten lau lurraldetan: 81 Araban, 140 Bizkaian, 145 Gipuzkoan eta 61 Nafarroan. 

Ospitaleratutakoei dagokionez, 542 pertsona daude ingresatuta, eta 155 Zaintza Intentsiboko Unitateetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide