Ander Zulaika: "Ez dago egunik ohetik jaiki eta lanera joan nahi ez dudanik"

Amaia Urbieta Arruti - Gorka Eizagirre 2020ko abenduaren 8a

Duela zortzi urte bira bortitza eman zuen Ander Zulaikaren  bizitzak (Zarautz, 1989). Bere jardunaren %100a musikari eskaintzea erabaki zuen eta egun, profesional bezain zoriontsua da.

Pasio handiz bizi du bere ofizioa Ander Zulaikak. Hamaika musikari ezagunekin egiten du lan, baina, horretan hasi aurretik, Zarauzko Musika Bandako perkusioan aritu zen luzez; eta jarraitzen du orain ere, entseguak etenda egon arren. Villa Mundan jarri du elkarrizketarako hitzordua kazetariak; bandaren entsegu gelan.

Zer izan da Villa Munda zure musikari ibilbidean?

Musika ikasten hasi nintzen Kame musika eskolan bost urte nituenean, eta gero sei urterekin bateria klaseak jasotzen hasi nintzen. Urte batzuk pasatu nituen Kamen ikasten, eta hamabirekin bandan sartu nintzen. Hogei urte igaro dira eta hemen jarraitzen dut. Toki honek mantendu nau musikarekin lotuta urte hauetan guztietan. Oraindik ez neukanean garbi musikatik bizi nahi nuen, izan da toki bat ahalbidetu didana lotura hori musikarekin. Urte hauetan guztietan ikasi dudanaz gain, asko eskertzen diot bandari, Iosu zuzendariari eta bandako kide guztiei, lotura hori mantendu izana.

Nola hartu zenuen musikari izateko erabakia?

Batxillergoa bukatu eta EHUn Zuzenbidea ikasi nuen. Bukatu nuenean Donostiako abokatu bulego batean lanean egon nintzen sei hilabetez. Horren ostean lanik gabe geratu nintzen, eta 2012ko udaberri inguruan bizpahiru hilabetez lana bilatzen egon nintzen ikasi nuen alorrean; baina aldi berean pentsatzen nuen: "agian momentua da saiatzeko". Beti eduki dut grina, baina ordura arte inoiz ez nuen eduki pausoa emateko ausardiarik. Hain zuzen, bizpahiru elkarrizketa nahiko eskas atera zitzaizkidan, eta horietako batetik atera nintzenean, deitu zidan Tik Tara taldeko abeslariak, Harkaitzek, galdetzeko ea hasiko nintzen beraiekin jotzen. "Hau seinale bat da", pentsatu nuen. "Hau da momentua, orain saiatuko naiz. Ez bada ateratzen, behintzat, ez naiz zer geratuko 'zer gertatuko ote zen saiatu izan banintz...' sentsazioarekin". Eta horixe egin nuen. Sartu nintzen Tik Taran, eta hasi nintzen parte hartzen harrapatzen nituen proiektu guztietan.

Zergatik ez zenuen lehenago hartu erabakia?

Uste dut ez nuela benetan ikusten. Ez nuen harreman askorik eduki benetan musika ogibide duen jendearekin. Gehiago ezagutzen nuen afizio moduan daukan jendea, edo, nahiz eta asko gustatu, horretara esklusiboki dedikatzen ez dena. Ez nuen ikusten benetako lan bat izan zitekeenik, gaur egun ikusten dudan moduan. Ez zen beldurragatik izan.

Nolakoak izan ziren erabaki hori hartu eta lehen asteak?

Topera ibili nintzen. Tik Taran sartu ondoren beste pare bat lagunekin ere hasi nintzen jotzen. Lan egitetik nentorren, beraz, soldata bat edukitzetik ezer ez edukitzera pasatu nintzen. Orduan, kartelak pegatzen hasi nintzen kalean klase partikularrak eman ahal izateko. Hasi nintzen egiten musikarekin lotura zuen ahal nuen guztia, pixkanaka hasteko.

Zaila izan al zen?

Ez dut gogoratzen garai zaila izan zenik. Indarra neukan denerako. Hainbeste ilusio egiten zidan saiatze hutsak... Gaur egun pentsatzen dut egin ditudan zenbait gauza ez nituzkeela egingo orain. Baina hain nengoen ilusionatuta eta bide berri honi heltzeko gogotsu... ez nuen zailtasunik ikusten.

Zer egin behar da musikaren industrian lekua lortzeko?

Industria ulertzen badugu musikarien zirkuitu moduan, eta ez negozio moduan, uste dut pasio handia jarri behar zaiola. Ez da beldurrik eduki behar gauza berriak probatzeko. Etxean txikitatik jarri izan didate musika asko, musika desberdin asko, eta musikalki burua irekita edukitzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Denok nahi dugu jo proiektu potenteetan, baina askotan tokatzen zaizu gauza batzuk egitea, beharbada ez direnak zure estilora asko hurbiltzen, baina, azkenean, aberasgarriak ere badirenak. Nik estilo asko jotzen ditut etxean entzungo ez nituzkeenak. Baina beti pentsatu izan dut musika entzutea eta musika jotzea bi gauza desberdin direla.

Oso inportantea da saiatzea disfrutatzen egiten duzun gauza bakoitzarekin, eta asko pentsatzea ematen duzun irudiaren inguruan. Ez jotzen duzunean bakarrik, baizik eta jendearekiko duzun tratuan. Saiatu umila izaten, ahal duzun ondoen moldatu jendearekin. Saiatu zure irudi on bat proiektatzen. Euskal musika zirkuitua txikia da, denok ezagutzen dugu elkar, eta keinu txarren bat ikusten badizute eragina eduki dezake. Nik errepasatzen badut norekin ibili naizen jotzen, ondorioztatu dezaket nork gomendatu nauen zertarako, eta segituan bueltatzen naiz duela zortzi urtera. Horregatik, inportanteak iruditzen zaizkit horiek: pasioa, indarra eta inteligentzia.

Zein da zure egunerokoa?

Nahikoa aldakorra da. Musikenen nabil orain gradua bukatzen laugarren urtean; klasera joaten naiz, eta Donostiako Jakintza musika eskolan bateria erakusten ere banabil. Nire beste denbora guztia nagoen proiektuetan inbertitzen dut, entseatzen edo ateratzen zaizkidan gauza berrietan.

Inoiz zenbatu duzu zenbat lanordu eskaintzen dizkiozun?

Ez. Bai ditudala zenbatuta kontzertuak eta proiektuak. Orduak ez ditut zenbatuta, ezta errentagarritasuna ere, nahiago dut horretan ez pentsatu.

Zein artistarekin zabiltza lanean?

Eñaut Elorrietarein nabil orain, bere Irteera argiak diskoko biran. Olatz Salvadorren taldean ere banabil eta, besteak beste, Eganen 50. urteurreneko proiektuan, Olatz Zugastiren proiektuan, Rafa Ruedarekin eta baita aspalditik nagoen proiektuetan ere: Serious Business, Tik Tara eta Lou Topet. Gero, puntualki kolaboratzen dut proiektu batzuetan, baina horiek dira garrantzitsuenak.

Ekarri al dizu kalterik pasioa ogibide bihurtzeak?

Nire kasuan behintzat, kalte bakarra ekonomikoa da. Alde handia dago bere garaian bulegoan lan egiten nuenean eta orain irabazten dudanaren artean. Zorionez, bizitzeko ematen dit eta horrekin oso pozik nago. Beste dena ona da; pozik bizi naiz orain.

Alde onak ere aipatu, nahi baduzu.

Konturatzen zarenean nahi duzula egin zerbait eta hori ez baduzu egiten ez zarela benetan pozik egongo, orduan ohartzen zara zein den zure bokazioa. Horrekin topo egiten duzunean, sentsazio hori ezin da deskribatu. Ez naiz inoiz entseatzera, kontzerturen batera edo Musikenera joateko nagiarekin jaikitzen. Nik dena gustura egiten dut. Eta ez da bereziki baikorra naizelako, ezta hippie bat ere, nik nire lana oso gustura egiten dut eta bere alderdi guztiak gustatzen zaizkit.

Zer esango zenioke musikari izateko bidea hartzeko zalantzan dagoenari?

Esango nioke, hasteko, ondo pentsatzeko. Benetan baldin badauka bokazioa saiatzeko esango nioke, baina saiatu dadila dena ematen. Esango nioke pasio handia jartzeko, lan egiteko asko, ordu asko, lan egiteko pentsatu gabe zenbat ordu sartzen dituen, zenbat ordu pasa beharko dituen ikasten, eta lan egiteko gozatzen. Ni ikastera etortzen naizenean, edo pianoa jotzera, edo bateria jotzera, ez daukat inoiz lanean ari naizenaren sentsazioa. Niri bizitza ematen dit. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide