Zer moduz joan zen atzoko txapelketa?
Ez ziren gauzak atera pentsatzen genuen moduan. Lehen konbatea luze joan zen. Gehienez lau minutuko borrokak izaten dira judon emakumezkoetan, eta denbora guztia bukatu genunean, Golden Scorean [borroken luzapen modukoa] ibili ginen bi minutuz. Berak puntuatu zuen, eta galdu egin nuen. Espero genuen lehen bi borrokak irabaztea baneukala, baina hasiera txarra izan zen eta kanporatua izan nintzen.
Pena daukat irabazteko moduko borroka zelako. Jokalari batzuek entrenatzen dute errendimendu altuko zentroetan, eta horien kontra irabaztea oso zaila da, baina ez zen kasua.
Aurretik izanda al zinen?
Seniorretan lehen aldiz iritsi naiz. Kadete eta Infantiletan dezentetan joan naiz, baina Senior mailan orain arte ez dut lortu sektoreko aurkariak gainditzea [Euskadiko txapelketaren ondoren, sektore bat jokatzen da inguruko lurraldeekin, Espainiako txapelketarako zein sailkatuko den erabakitzeko]. Beti tokatu izan zaizkit oso aurkari indartsuak sektorean.
Aurten ez da sektorerik egin, eta puntuazioagatik lortu dut lekua Espainiako Txapelketan. Azken hiru urteetan horren atzetik ibili naiz, eta behar nuen finalean sartzea.
Helburua lortu ez baduzu ere, zer moduzko esperientzia izan da?
Oso kuriosoa izan da. Madrilgo areto erraldoi batean jokatu da txapelketa. Iritsi eta denoi PCR proba egin ziguten, eta gero bakoitza bere logelan sartuta egon ginen, emaitza iritsi zain, harreman oro ekiditen. 400 pertsona ginen eta denok eman genuen negatibo. Pantaila handi bat geneukan gelan, Youtube eta Netflixekin, entretenitzeko. Ondo zegoen antolatuta, baina izorratu ninduen tatamietan nire kideen borrokak ezin ikusi izanak, normalean horretarako aukera egoten baita, eta aurten mugatuta egon gara alde horretatik.
Dena dela, egite hutsa konforme egoteko modukoa iruditzen zait. Nik esaten nuen, lehiatzen uzten bazidaten, nahikoa zela. Arraroa zen harmailetan soinurik ez egotea, eta zure aurrean zegoen pertsonaren arnasketa entzutea. Esperientzia oso ona izan da, eta ondo atera ez den arren, dagoeneko hurrengo txapelketara begira nago.
Horren maila altuan lehiatu ahal izateko, zenbat entrenatzen duzu?
Aurten astean hiru aldiz entrenatzen ibili naiz, baina normalean bost egunez-edo entrenatzen dut, batzuetan saio bikoitzak eginda. Crossfit ere egiten dut osagarri moduan eta, horrez gain, duela lau urte hasi nintzen mendiko oztopo-lasterketetan parte hartzen. Afizio gisa hasi zen, baina motibatu eta lehiatzen ere hasi nintzen. Asteburuetan gustatzen zait mendi apur bat sartzea. Lizardiko judo elkartea ez da oso indartsua, judoa afizio gisa egiten duen jendea da gehienbat, eta nik bizigarri gehiago behar dut, horregatik lantzen ditut indarra eta erresistentzia tatamitik kanpo.
Eskaini izan didate errendimendu altuko zentroren batean sartzea, baina uste dut ez nindukeela zoriontsu egingo horrek. Lizardiko elkartean entrenatzaile ere banaiz, klase ematen diet txikiei, eta horrek guztiak betetzen nau ni.