Astelehenean irekiko dute Narrosko Jaiotza

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abenduaren 5a

Aurten, Munoa plazatik izango da sarrera, eta Nafarroa kaletik irteera. Goizez nahiz arratsaldez egongo da zabalik Jaiotza.

Datorren astelehenean, abenduak 7, zabalduko dituzte Narrosko Jaiotzako ateak. Norabide bakarrean ikusi ahal izango da aurten, udalaren esanetan, kutsadurak saihesteko. Munoa plazatik izango da sarrera, eta irteera, aldiz, Nafarroa kaletik.

Goizez zein arratsaldez egongo da irekita Jaiotza; hain zuzen, 11:00etatik 14:00etara edo 17:00etatik 21:00etara bitartean izango da bertaratzeko aukera. Ohi bezala, egunean hiru aldiz, ikuskizun txiki bat izango da Jaiotzako irudiekin, musikak eta argiek lagunduta. 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean hasiko dira emankizun horiek.

Dena den, aurten ez da animalia bizidunik egongo Narrosen, Javier Izeta muntaketaren arduradunak jakinarazi duenez. Figura batzuk "hobetu eta zaharberritu" egin dituzte", ordea.

Bestalde, Nafarroa kaleko irteeran itxitura bat izango da aurtengoan, Jaiotzatik irteten diren bisitarien "segurtasuna bermatzeko", Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziaren arabera. Izan ere, "errepidea oso gertu" dagoela azaldu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide