Norberaren herrian bisitari

Aitzibe Arzallus 2020ko abenduaren 4a

Kanpoko bisitaririk hartu ezin dutenez, herritarrei eskaintza bereziak egiten ari dira museo asko: sarrera merkeagoak, familientzako tailerrak… Pozik daude erantzunarekin. 'Gipuzkoako Hitza'-n argitaratutako erreportajea da honako hau; Balentziaga, Arte eta Historia, Ekainberri eta Photomuseum museoetako ordezkariek beren esperientzia azaldu dute.

Aurtengoa inor gutxirentzat izan da urte ona. Museoentzat ere ez. Konfinamendu garaian, ateak ixtera behartu zituzten; gero, lanean hasi ziren, baina neurri zorrotzak hartuta eta edukiera mugatuta. Orain badute lan egiteko aukera, baina bisitariak falta zaizkie, galarazita baitago norberaren bizileku den herritik irtetea. Turistekin lan egiten zutenak, gaizki, eta eskolekin lan egiten zutenak ere bai. Badira zerbitzua etetea erabaki dutenak, baina badira egoerara egokitzeko aparteko ahalegina egiten ari direnak ere. Udalerriko eta mugakide diren udalerrietako herritarrentzat eskaintza bereziak prestatu dituzte Urola Kostako hainbat museok.

BALENTZIAGA MUSEOA
Getaria

Bisitetako prezioan moldaketak eginda:

Getariako Balentziaga museoak Eusko Jaurlaritzak mugimendua mugatzeko neurriak ezarri orduko moldatu zuen eskaintza: urriko azken asteburuan museora doan sartzeko eta bisita gidatuak egiteko aukera eman zien getariarrei, eta familientzako tailerrak antolatu zituen. “Egitasmoak sekulako harrera izan zuen, itxaron zerrendak ere sortu ziren, eta, hori ikusita, hurrengo asteburuan eskaintza bera egin zuen”, azaldu du Xabier Fernandezek. Museoen kudeaketan eta dinamizazio lanetan aritzen den Arazi enpresako langilea da Fernandez, eta, hain zuzen ere, hura arduratzen da Balentziaga museoko hainbat zerbitzu koordinatzeaz.

Aurreneko bi asteburuak pasatuta, moldatu egin zuten eskaintza, eta, harrezkero, baten prezioan bi sartzeko aukera ematen diete Getariako, Zarauzko, Zumaiako eta Aizarnazabalgo bizilagunei. Abenduko zubirako doako tailerrak ere antolatu dituzte familientzat. Fernandezek txalotu egin du Balentziaga museoak azken asteotan egin duen ahalegina, eta nabarmendu du horri esker ohikoa ez duen publikoarengana iristea lortu duela. Iaz 54.000 bisitaritik gora izan zituen Getariako museoak; gehienak, atzerritarrak.

ARTE ETA HISTORIA MUSEOA
Zarautz

Sasoi honetan ere, mugimendu handia:

Zarauzko Arte eta Historia Museoan eta Zestoako Ekainberrin ere herritarrentzat eskaintza bereziak dituzte azken asteotan, eta Fernandezek badu horien berri, hura arduratzen baita bi museoetako zerbitzuak koordinatzeaz ere. Harrituta hitz egin du Zarauzkoaz. “Zarauzko Arte eta Historia Museoan oso mugimendu gutxiko urte sasoia izan ohi da hau, baina asteburuotan herritarren eskariari erantzutera iritsi ezinda gabiltza”. Joan den asteburuan bisita gidatuetan parte hartzeko leku guztiak bete zirela jakinarazi du, eta aste hasieratik ari direla datorren astebururako erreserbak jasotzen. Sarrera eta bisita gidatua doan jarri dituzte, baina Fernandezek ez du uste arrazoia dirua denik, bestela ere bi euro kostatzen delako. “Museoek herritarren beharra duten bezala, herritarrek ere behar dituzte asteburuetan herrian egiteko planak, eta museoetara joatea aukera bihurtu da”.

Zarauzko bizilagunek ez ezik, Getariakoek, Aiakoek eta Aizarnazabalgoek ere badute museora doan sartzeko aukera. Ostiral, larunbat eta igandeetan izaten dira bisita gidatuak, ordubete ingurukoak, eta, Zarauzko hainbat artistaren lanak ezagutzeaz gain, parrokiako aztarnak eta nekropolia ikusteko aukera izaten da.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide