"Bere garaiari kantatzen bazion ere, Xabier Leteren hitzek balio dute gaurko garaiak esplikatzeko". Hala dio Beñat Gaztelumendi bertsolariak. Gaurko egunez hil zen duela hamar urte Lete, eta asteon haren omenezko hamaika kultura ekitaldi ari dira eskaintzen herriz herri. Horietako batean buru-belarri lanean ibili da urte osoan Gaztelumendi, eta gaur 19:00etan Modelo aretoan oholtzaratuko du estreinekoz Loreak eta zauriak lana, Xabi San Sebastian musikariarekin, Joxerra Senperena piano-jotzailearekin eta Quico Puges biolontxelo-jotzailearekin batera.
San Sebastian musikariak proposatu zion bertsolariari bidaia hau hastea urtarrilean, eta añorgarrak erronka onartu zuen, besteak beste, Lete "berezia" delako beretzat. "Ez nuen inoiz zuzenean entzun, baina nire gurasoen belaunaldiari sekulako marka utzi zion eta beraien porrotak eta ametsak inork baino hobeto adierazi zituen Letek".
Bestalde, kuriosoa bezain interesgarria da Gaztelumendirentzat inoiz ez dela oso ondo definitzen Lete zer zen. "Poeta deitzen diogu, kantaria deitzen diogu, batzuk bertsolaria ere bai... beti eztabaida dago". Sailkatu behar horretatik aldentzea eta leku askotatik sortzen zuela aitortzea proposatu du bertsolariak.
Hain zuzen, Gaztelumendiren jardun nagusiak ere lotura estua dauka Leteren sorkuntzarekin. Aitortu duenez, aspalditik zeukan gogoa bertso jarriekin zerbait egiteko. "Iruditu zitzaidan proposamen hau pare-parean zetorrela".
Hartu, eraldatu eta eman
Leteren obra du ardatz Loreak eta zauriak emanaldiak. Haren kantuak eskainiko dituzte, Gaztelumendik azaldu duenez, batzuk berak emandako tonutik nahiko gertu, eta beste batzuk apur bat eraldatuago. Horrez gain, eta abestiek horretarako bide ematen dutela baliatuta, zenbait letra ere ukitu dituzte. "Leteren kantuen artean badaude batzuk, dexente, bertso metrika daukatenak. Horietan hitzekin pixka bat jolastu dugu eta hitzak berrituta botako ditugu".
Zarautzen eskainiko dute lehen saioa, baina abendu bete-betea izango dute emanaldiko lau partaideek, herriz herri ibiliko baitira. Hori aintzakotzat hartuta, emanaldi bakoitzean tokatzen den herriari lotutako bertso sorta bat abestuko dute, aldiro Letek Julen Lekuona eta Antton Valverderekin atera zuen Bertso zaharrak diskoko sorta desberdin bat oinarri hartuta.
Sarrerak agortuta
Zarautzerako prestatu duten bertso sorta berezi hori entzuteko aukera lo egon ez direnek soilik izango dute, aurreko larunbatean agortu baitziren emanaldirako sarrera guztiak. Horrek ilusioa egiten dio añorgarrari, eta publikoan zer motatako jendea egongo dela uste duen galdetuta, mota askotako herritarrak egotea gustatuko litzaiokeela dio. "Egongo da jendea Xabier Lete zalea izan dena bizitza guztian eta orain ere zale izaten jarraituko duenez, horrek erakarriko duena. Uste dut egongo dela jendea hamar urte hauetan Letek kuriositatea sortu diona edo beste era batera hurbildu dena bere obrara, eta ezagutzen ez zuen jendea ere egongo da. Iruditzen zait denentzako moduko zerbait dela".
Gaurkoa ez da Zarautzen Lete ardatz hartuta antolatu den emanaldi bakarra. Atzo hitzaldia eskaini zuen Alex Gurrutxagak Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria bere liburuari buruz, eta añorgarrarentzat pozgarria da leku askotatik begiratzea Leteri, "ezinezkoa" delako haren ekarpena emanaldi bakarrean jasotzea.
Leteren tamainako figura bati buruz zerbait egiteak «bertigoa» ere ematen dio Gaztelumendiri, eta jendeari gustatuko ote zaion beldur apur bat ere badauka. Gainera, lehen aldiz hartu du parte bat-bateko bertso saio formatutik horrenbeste aldentzen den emanaldi batean. "Alde horretatik berezia da, baina iruditzen zait itxura ona daukala eta polita aterako dela".