Hamar lagunen arteko bilkurak eta 01:30ean etxeratzeko agindua, Gabonetako neurrien artean

Andoni Elduaien 2020ko abe. 2a, 21:13

Argazkia: Zarauzko Udala.

Bi neurri horiez gain, erkidego batetik bestera mugitzerik ez da egongo Gabonetan, eta lurralde barruko mugikortasuna lurraldeko agintarien esku utzi du Espainiako Gobernuak.

Osasunaren lurralde arteko batzordea egin dute gaur, asteazkena Espainiako Gobernuak eta erkidegoetako arduradunek, eta Gabonetarako neurrien berri eman du bileraren ondoren Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak.

Espainiako Gobernuak agindu du abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean ez dela egongo erkidego batetik bestera mugitzerik. Familiartekoekin edota senideekin elkartzeko bere ohiko bizilekura itzuli behar dutenen kasuan bakarrik onartuko dute lurraldeen arteko mugikortasuna. Halere, erkidego bakoitzaren barruko mugikortasun neurriak zehaztea lurralde agintarien esku utzi du Espainiako Gobernuak, eta beraz, Eusko Jaurlaritzak zehaztu beharko du Gabonetan herrien artean mugitzerik egongo den edo egungo neurriak indarrean jarraituko duen. 

Bestalde, Gabonetan hamar lagunen arteko bilkurak egiteko baimena eman du Espainiako Gobernuak. Hori horrela izanik, abenduaren 24an, 25ean eta 31n zein urtarrilaren 1ean, gehienez hamar lagunek osatutako bazkariak eta afariak egin ahal izango dituzte herritarrek; ez du adinaren araberako bereizketarik egin Espainiako Gobernuak, eta beraz, haurrak ere kopuru horren barnean hartu ditu. Gainera, bazkari eta afari horietan elkarrekin bizi diren pertsona talde batek edota gehienez bik parte hartzea aholkatu du Espainiako Illa ministroak.

Horrez gain, gaueko mugikortasunaren neurriak ere zehaztu dituzte lurralde arteko batzordean. Abenduaren 24tik 25erako gauean, Gabon gauean, eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauean, Gabon zahar gauean, etxeratze agindua 01:30era atzeratzea erabaki du Espainiako Gobernuak. 

Gabonetako ekintzen inguruan ere hitz egin dute batzordean, eta Illa ministroak herritarrei eskatu die jende pilaketak ekiditeko. Lurralde bakoitzeko agintariek izango dute Gabonetako ekintzen ardura, baina Illak jende pilaketa handiak sortzen diren ekintzak saihesteko galdegin die lurraldeetako agintariei. Errege Magoen kabalkaden inguruan ere hitz egin du Illak, eta jakinarazi du estatikoan eta espazioen edukiera nahiz pertsonen arteko segurtasun tartea kontrolatu daitezkeen guneetan egin daitezkela soilik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide