Pandemia honekin ez dago atseden hartzerik, ezta lasaitzerik ere. Eskualdean behera egin dute positibo berriek; ez, ordea, Hego Euskal Herrian.
22tik hamalaura jaitsi da positibo berrien kopurua eskualdean; 22 kasu zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenean, eta hamalau atzo. Aipagarria da, aspaldiko partez, Azkoitian ez dutela kasu berririk izan, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 650,6an jarri da. Azkotian semaforo gorriak piztuta jarraitzen du, baina laranja piztera bidean jarri da. Azpeitian, berriz, lau kasu izan zituzten atzo. Intzidentzia tasa 431,75ekoa da gaur egun, eta laranja kolorea dute herrian piztuta.
Atzoko datuei dagokionez, Zarautzen izan ziren kasu gehien, beste bost positiborekin; bi kasu izan ziren Zumaian, eta bana Getarian, Orion eta Zestoan. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zuten kasurik izan atzo.
Hego Euskal Herrian gora
Eskualdean kasuek behera egin dute, baina ezin berdina esan Hego Euskal Herriari buruz. Nafarroan bai, bezperan baino zazpi kasu gutxiago izan dituzte –69 positibo astelehenean, 62 atzo, beti ere Nafarroako Gobernuak aurreratutako datuen arabera–; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, gorantz egin dute kasuek.
8.938 proba egin zituzten atzo, eta 564 kasu positibo baieztatu zituzten, bezperan baino 78 gehiago. Ondorioz, positibitate tasa %6,3ra igo da. Hiru lurraldeetan igo da positiboen kopurua: Araban 101 kasu zenbatu zituzten atzo, 257 Bizkaian eta 195 Gipuzkoan.
Ospitaleratutakoei dagokionez, beste 41 pertsona ingresatu zituzten atzo, eta atzo 362 lagun zeuden Osakidetzako erietxeetan, plantan. Zaintza Intentsiboko Unitateetan, berriz, 129 lagun zeuden ingresatuta, bezperan baino bi gutxiago.