Bederatzi positibo zenbatu dituzte ostiralaz geroztik

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 30a, 15:01

Aurreko asteburuko positiboen erdiak baino gutxiago atzeman dituzte oraingoan bai Zarautzen, baita eskualdean ere, eta jaitsiera adierazgarria izan dute zenbait herritako intzidentzia tasek. Zarauzkoa, gaur-gaurkoz, 369,08koa da.

Koronabirusa indarra galtzen ari da eskualdean, baita Zarautzen ere. Joan den astean egoerak nabarmen egin zuen hobera, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratu berri dituen datuen arabera, asteburuan indartu egin da joera. Ostiraletik igandera, guztira, 35 positibo baieztatu dituzte Urola Kostako herrietan, aurreko asteburuan atzeman zituztenen erdiak baino gutxiago; 77 izan ziren orduan. Joera orokorra da, egoerak udalerri guztietan egin du onera, eta intzidentzia tasetan antzematen da hori: gaur-gaurkoz, inork ez du gainditzen 100.000 biztanleko 800eko langa.

Zarautzi dagokionez, bederatzi positibo zenbatu dituzte ostiralaz geroztik —ostiralean lau, larunbatean hiru eta igandean bi—, aurreko asteburuan baino hamalau gutxiago, eta argi gorriak pizten diren 500eko muga horretatik geroz eta urrunago dago. Gaur, 100.000 biztnaleko 369,08 da hango intzidentzia tasa.

Ostiraletik igandera Azpeitian baieztatu dituzte positibo gehien; hamahiru —sei ostiralean, bi larunbatean eta bost igandean—, baina aurreko asteburuan baino bi gutxiago izan dira. Intzidentzia tasa altua du oraindik, 100.000 biztanleko 538,03, baina duela hilabete hiru aldiz handiagoa zuen, eta duela astebete ia bikoitza.

Azkoitian, berriz, sei positibo atzeman dituzte asteburu honetan —ostiralean bat, larunbatean lau eta igandean bat—, aurrekoan baino hamalau gutxiago. Eta eskualdeko intzidentzia tasa handiena izaten jarraitzen duen arren, azken egunotan jaitsiera nabarmena izan du: gaur astebete 967,55 zen, eta gaur 767,37 da. 

Azkoitiaren atzetik, Orio da intzidentzia tasa altuena duen eskualdeko herria, baina han ere astebetean asko aldatu dira gauzak. Duela astebetebe 1.105,43 zen tasa, eta gaur 725,95 da. Ostiralaz geroztik, lau positibo baieztatu dituzte herrian —bi ostiralean, bat larunbatean eta bat igandean—.

Zestoan bi positibo zenbatu dituzte azken hiru egunotan, Zumaian bakarra, eta eskualdeko gainontzeko herrietan —Aia, Aizarnazabal, Getaria, Errezil eta Beizama— ez dute positiborik atzeman.

Ospitaleratzeak gutxitzen

Hego Euskal Herrian 7.443 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta horietatik 521ek eman zuten positibo. Horrek esan nahi du positibo kopurua murriztu egin dela, test gutxiago egin dituztelako, baina positibotasun tasa igo egin dela; %6,9koa da. Bizkaian 206 kasu baieztatu zituzten atzo, Gipuzkoan 177, Nafarroan 83, eta Araban 45. 

Gaur-gaurkoz, koronabirusarekin lotutako arrazoiengatik 418 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; horietatik 136 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Joan den astelehenetik hona gorabehera handirik ez dute izan zenbaki horiek, baina aipatzekoa da azken egunotan asko murriztu dela eguneko ospitaleratzeen kopurua. Joan den igandean 58 lagun ospitaleratu zituzten, eta atzo 24 izan ziren.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide