Indarkeria matxistaren aurkako informazio kanpaina abiatu du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko azaroaren 26a

Emakumeen* Etxean eta Gizarte Zerbitzuetan laguntza behar duten pertsonei zerbitzu "integrala" eskaintzeko martxan diren baliabideak ezagutarazi nahi ditu udalak.

Parekidetasun departamentuak kanpaina jarri du abian indarkeria matxista jasaten duten pertsonek Zarauzko Udalean eskura dituzten baliabideak ezagutarazteko. Horretarako, sare sozialen bidez herriko hainbat pertsona ezagunek mezuak helaraziko dituzte, eta Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak herritarrei kanpainarekin bat egiteko deia ere egin die. Horretarako, zarauztarrak gonbidatu ditu elkartasun mezu edo irudia sare sozialetara igo eta #zureondoangaude traola erabiltzera.

Kanpainaren helburua da "herritarrek behar bezala ezagutzea indarkeria matxista jasaten duten emakumeak eta haien seme-alabak artatzeko zerbitzuak". Atzera begira jarrita, konfinamendu garaian mezu "nahasgarriak" eta "zenbaki asko" helarazi zirela aipatu du Vazquezek, eta kontuak argitze aldera, udalak bi harremanetarako bide dituela zehaztu du kasu hauetarako: 943-00 51 17 edo emakumeen-etxea@zarautz.eus (Emakumeen Etxea) eta 943-00 51 11 edo ongizatea@zarautz.eus (Gizarte Zerbitzuak).

Kasu hauetan eskaini beharreko arreta "integrala" dela argi dauka Jesus Arana Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Hori dela eta, era koordinatuan eskaintzen dituzte laguntza psikologikoa, talde terapia, aholkularitza juridikoa familia-zuzenbidean espezializatutako abokatuekin, laguntza ekonomikoa behar duten emakumeentzat, harrera-etxebizitzak eta larrialdiko harrera zerbitzua.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide