Aurrekontuak osatzeko proposamenak jasoko ditu udalak

Dorleta Agiriano Lai 2020ko azaroaren 26a

Abenduaren 10a baino lehen helarazi beharko dira datorren urteko aurrekontuei lotutako proposamenak. Horretarako, hainbat auzotan jarri diten postontziak, posta elektronikoa edo udalaren web-orrialdea erabili ahal izango dira.

2021. urteko aurrekontuak lantzeari ekin dio Zarauzko Udalak, eta adierazi du aurten ere prozesu parte hartzailea jarri duela martxan, proposamenak jasotzeko. Dena den, oraingoan ez da aurrez aurreko bilerarik izango: herrian zehar jarriko diren postontzi bereziak, udalaren web-orrialdeko Parte hartu atala edo posta elektronikoa (partehartu@zarautz.eus) erabili beharko dira ekarpenak egiteko. Zarauztarrek, hain zuzen, bihartik hasita abenduaren 10era arte bidali ahal izango dituzte proposamenak.

Zortzi postontzi jarri dituzte momentuz: Vista Alegre auzo elkartean, udaletxearen eraikin zaharrean nahiz berrian (Etxezabala), Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean.

"COVID-19ak sortutako pandemia dela eta, aurtengo prozesu parte hartzailea desberdina izango da. Bilerak aurrez aurrekoak egitea ezinezkoa da eta, beraz, modu telematikoan egin beharko dugu prozesua, kutsadurak saihesteko", dio Jesus Arana Ekonomia eta Partaidetza zinegotziak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide