Kasu positiboen kopuruak beherantz jarraitzen du, baina ez nahiko genukeen abiadan. Atzo, asteazkena, zazpi pertsonak eman zuten positibo Zarautzen egindako probetan, asteartean baino hiru gutxiagok. Hala, eremu laranjan jarraitzen du Zarautzek, 416,29ko intzidentzia tasarekin –424,87koa zen herenegungo datuekin–.
Eskualdean beste 23 kasu detektatu zituzten atzo egindako probetan: asteartean izandakoak baino gutxiago da –29 kasu izan ziren orduan–, baina astelehenean baino gehiago –22 atzeman zituzten egun horretan–.
Eskualdeko zazpi herritan detektatu dituzte positiboak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Zarautzen eta Azpeitian izan zituzten herenegun kasu gehien: zazpi eta sei, hurrenez hurren; Azkoitian eta Orion hiruna kasu gehitu zituzten, bi Aian, eta bana Getarian eta Zumaian. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez zituzten positiborik izan asteartean.
Urola Kostako hiru herritan jarraitzen du semaforo gorriak piztuta, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak behera egin badu ere. Azkoitiak –825,76ko intzidentzia tasarekin–, Azpeitiak –664,23koarekin– eta Oriok –956,94koarekin– jarraitzen dute gorriz margotuta. Zarautzen kasuek gora egin badute ere, 416,29ko kasu metatuen tasa du eta laranja koloreko semaforoa du. Horira jaitsi da Zumaia eta 213,74ko intzidentzia tasa zuen atzo.
Hego Euskal Herrian zertxobait behera
Positiboen kopuruak zertxobait egin du behera Hego Euskal Herrian. 772 kasu izan ziren herenegun: 666 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 106 Nafarroan. Bezperan 797 positibo detektatu zituzten lau lurraldeetako datuak batuta.
10.881 PCR eta antigenoen proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, esan bezala, 666k eman zuten positibo, egindako proben %6,1ek. Gipuzkoan izan ziren asteartean positibo gehien –288 kasu–; Bizkaian 258 eta Araban 110. Hiru lurraldetatik kanpoko hamar pertsonak ere positibo eman zuten egun horretan. Intzidentzia tasa 600etik jaitsi da, eta 570,29koa zen herenegun.
Osasun Sailaren arabera, 403 pertsona zeuden ospitaleratuta egun horren amaieran, hauetatik 134 Zaintza Intentsiboko Unitateetan. Asteartean 57 lagun eraman zituzten erietxeetara COVID-19agatik.
Nafarroan, berriz, 141 kasu positibo izan zituzten asteartean, egindako 3.218 probatan. Hiru heriotzaren berri ere eman zuten lurralde horretan.