%6,4ra jaitsi da positibotasuna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 22a, 13:33

Atzo egindako probetan 702 lagunek eman zuten positibo Hego Euskal Herrian, aurreko larunbatean baino 450 gutxiagok. Herenegun baino proba gutxiago egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina behera egin du berriz positibotasun tasak: %6,6koa zen atzo, eta %6,4koa da gaur-gaurkoz. Nafarroan, une honetan, herenegun baino altuagoa da intzidentzia tasa.

Atzo 10.980 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta emaitzak argitara eman dituzte jada Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 618 positibo zenbatu zituzten atzoko 9.616 probetan, herenegun baino 249 gutxiago. Herenegun baino proba gutxiago egin zituzten atzo, baina dena den, positibotasun tasak ere behera egin du: %6,6koa zen herenegungo emaitzak kontuan hartuta, eta atzoko datuen arabera, %6,4koa da une honetan.

Nafarroan ere jaitsi egin da detektatutako positiboen kopurua. 134 lagunek eman zuten positibo herenegun, eta atzo, aldiz, 84k (1.364 proba egin ziren). Hala ere, intzidentzia tasa igo egin da atzoko emaitzekin; izan ere, %5,8koa zen atzo, baina datu berriak gehituta, %6,15ekoa da gaur-gaurkoz.

Aurreko asteko datuekin alderatuz gero, nabarmen egin dute behera Hego Euskal Herrian. Lehengo larunbatean, azaroak 14, 1.152 positibo berri atzeman zituzten, atzo baino 450 gehiago. Positibotasun tasa, gainera, %7,7koa zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide