Euskaraldia 2020

Hasi da bigarren Euskaraldia

Zarauzko Hitza 2020ko aza. 20a, 11:57

Euskaraldiko bulegoa, gaur. (Onintza Lete Arrieta)

Gaur hasita, abenduaren 4ra arte iraungo du Euskaraldiaren bigarren ediziokoak. Oraindik izena eman daiteke ahobizi edo belarriprest gisa.

Gaur bertan hasi da euskaldunen hizkuntza ohiturak eraldatzea helburu duen Euskaraldiaren bigarren edizioa. Oraindik ahobizi edo belarriprest ez direnek atzo zuten ariketa erraldoian izena emateko aukera izatez, baina antolakuntzak epea luzatzea erabaki du. Hala, ariketa honetarako izena emateko azken eguna azaroaren 24a, asteartea, izango da. Horretarako hainbat aukera daude: online eman daiteke izena izenematea.euskaraldia.eus atari digitalean eskuragarri dagoen inprimakia beteta, edo aurrez aurre egin daiteke, herriz herri egokitu dituzten guneetan.

Aurrez aurre izena emateko gune bat ere bada Zarautzen, hain zuzen, Zigordia kaleko 34. zenbakian dagoen Euskaraldiko bulegoan.

Txapak nola eskuratu

Ariketa egingo duten herritarrek txapa bereizgarri bat eramango dute gaurtik aurrera soinean, hizketalagunak jakin dezan aurrean duen pertsona ahobizi edo belarriprest den. Ariketak iraun artean eraman behar da txapa, 15 egunez. Duela bi urteko Euskaraldian ere metodo bera erabili zen, eta litekeena da batek baino gehiagok orduko txapa eskura izatea oraindik. Berria behar dutenek ere izango dute aukera eskuratzeko. Hain zuzen, aurrez aipatutako bulegoan dago aukera txapa berriak eskuratzeko.

Ariketa girotzeko, euskarari eta kulturari lotutako ekitaldi eta emanaldiak antolatu dituzte txoko askotan, baita Zarautzen ere. Esaterako, hurrengo ostiralean, azaroak 27, Nahi dugu hitz eta jolas bertso saio tematikoa izango da Modelo aretoan, 19:00etan hasita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide