Pasa den astea mobilizazio astea izan zen Zarauzko ostalaritzako langileentzat. Jende ugari bildu zen astean zehar egin zituzten bi protestetan, batez ere, larunbateko kazeroladan. Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak dio "handia" izan zela "herritarren parte-hartzea", baita "banatzaileena eta hornitzaileena" ere.
"Gure herrian ostalaritza sektore indartsuenetarikoa da, eta familia asko bizi direnez bertatik, asko arduratzen gaituen arazoa da. Hortaz, borrokan eta lanean jarraituko dugu", adierazi dute Zurekineko kideek. "Elkarte bezala inoiz baino elkartuago" daudela nabarmendu dute, eta dei egin diete herriko ostalaritza establezimenduei bat egitera.
"Espero dugu instituzioetatik agindutakoak betetzea eta aurreko itxialdian agindutako laguntzak lehenbailehen iristea", gaineratu dute.