Ongi asmatua dago eta irudimentsua da ideia nire ustez. Ongi asmatuak daude rolak. Eta ongi asmatuak daude ahobizi eta belarriprest izenak ere. Eraginkorra izateko nahia eta itxura du. Eta gustuko dut aurtengo goiburua ere: Gehiago, gehiagotan, gehiagorekin. Jende asko ari da lanean jende gehiagorengana iristeko asmotan…
Euskaraldiak badu, gainera, ezaugarri bat itxaropentsu izatera garamatzana. Gutxitan bezala hartu dute elkar herri ekimenetik sorturiko taldeek eta maila askotariko —ez dakit hemen lurralde ere sartu beharko nukeen— erakundeek, asmoari, bestela faltan zukeen borobiltasuna emanez.
Ez da inoren errua, baina egoerak oreka hautsiko ote duen beldur naiz. Kalea ez da lehen zena. Herriak hesituak daude. Etxera gaude emanak. Derrigor, bestelako egoera batean baino gutxiago, gutxiagotan eta gutxiagorekin aritu beharko dugu, ariguneak arigune eta ahaleginak ahalegin. Fokupekoen presentzia da ahulduko ez dena. Eta paparrean txapa duela sailburuorde batek, ahaldun nagusiak, udal-elkarteko arduradunak edo argazki guztietan irten gabeko onik ez duen kultur zinegotziak euskaraz egitera anima nazan… ez dago gaizki baina ez zait oso kitzikagarri. Dena den, akaso ez da piperkritiko baten oinarririk gabeko beldurra baino…