Astelehenero bezala, atzokoa mobilizazio eguna izan zuten Zarauzko pentsiodunek. Dena den, anbulatorioraino egin zuten manifestazioa atzo, "kalitatezko osasun publikoaren alde" eta osasun langileen borrokarekin elkartasunez. "Jakina da pandemia dela eta larri dabiltzala bertako langileak", adierazi du pentsiodunen mugimenduak.
"Osasun publikoan gaur egun bizi dituen egiturazko arazo larriak" salatu dituzte pentsiodunek, eta gaitzetsi dute "Osakidetzak ez duela mahai gainean jarri osasun publikoak pairatzen duen gabezia larria arintzeko neurririk". "Inork ez luke negoziorik egin behar gure osasunarekin eta bizitzarekin. Horregatik zerbitzu sozio-sanitario unibertsalak eta publikoak behar ditugu Osakidetzan", gaineratu dute.
Hala, pentsiodunen mugimenduak bat egin du Osakidetzako beharginen aldarrikapen; hain zuzen, haien esanetan: "osasun publikora bideratutako aurrekontua handitzea", "langile kopurua handitzea", "behin-behineko langileak egonkortzea", "murrizketa bidez galdutakoa berreskuratzea" eta "plantillaren segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzea".
Egoitzetan ere, borrokan
Bestalde, pentsiodunek gogorarazi dute, astero bezala, elkarretaratzea egingo dutela Lege Zaharren enparantzan datorren astelehenean, azaroak 16. Aste honetan osasungintzako langileen aldarrikapenekin egin bezala, hurrengo astean adineko pertsonen egoitzetako langileen borrokarekin eta eskakizunekin egingo du bat pentsiodunen mugimenduak.