Zurekin elkarteak bat egin du ostalariek Donostian egingo duten mobilizazioarekin

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 6a, 14:56

Larunbatean izango da ostalarien manifestazioa, eta alarma egoeran ezarritako neurriek ostalaritzan izan duten eragina jarriko dute jopuntuan. "Langileak eta familiak babesteko beharrezkoak diren laguntzak" aldarrikatu ditu Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak.

Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen zein neurri murriztaile berri ezarriko dituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Besteak beste, ostalaritzako lokal guztiak ixteko agindua eman du. Bihar, larunbata, sartuko da indarrean neurria.

Azken berrien biharamunean, kezka are gehiago nagusitu da Zarauzko ostalarien artean ere. Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak gaur adierazi duenez, bat egin du ostalariek bihar Donostian egingo duten mobilizazioarekin. 17:30ean hasiko da manifestazioa Bulebarretik.

Bilbon eta Gasteizen ere deitu dute mobilizatzera, eta jopuntuan jarriko dute larrialdi egoeran hartutako neurriek ostalaritzan izan duten eragina. Sektorean bizi duten egoerak sortutako kezka aterako dute kalera, eta ostalaritzara bideratutako "bultzada eta laguntza" aldarrikatuko dituzte.

Zurekinek, hain zuzen, "langileak eta familiak babesteko beharrezkoak diren laguntzak" eskatu ditu. "Zarauzko ostalaritza oso kaltetua izan da COVID-19a geldiarazteko hartutako neurriengatik", azaldu du. Hala, dei egin diote zarauztar orori, "ahal duen heinean eta modu baketsuan", "bere atxikimendua adieraztera herriko ostalaritzari, aldarrikapenekin bat eginez".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide