Felix Zubia, Rikardo Arregi sarirako finalisten artean

Amaia Urbieta Arruti 2020ko azaroaren 6a

"Euskarazko kazetaritzaren eta komunikazioaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea" da Rikardo Arregi kazetaritza sarien helburua. Kazetaritza eta komunikazio arloak bereizten dituzte, eta, kazetaritza arlorako izan da hautatua Felix Zubiak parte hartzen duen Osasun Etxea irratsaioa.

Jakinarazi berri dituzte aurtengo Rikardo Arregi sariko finalistak, eta, kazetaritza arloko sariaren finalista izateko aukeratu dute Arantxa Arzak eta Felix Zubia zarauztarrak Euskadi Irratian egiten duten Osasun Etxea irratsaioa. Igandeetan, 09:30etik aurrera eskaini ohi dute saioa eta, bertan, Zubia medikua entzuleen zalantzak argitzen saiatzen da, Arantza Arza kazetariaren laguntzaz. Azken hilabeteetan koronabirusak hartu du ia protagonismo osoa saioan, eta Zubiak uhinen bidez igorritako zenbait mezuk pisu handia hartu dute beste hedabideetan ere. 

Beste hiru finalista ere hautatu dituzte kazetaritza arlorako: Berriak COVID-19a aztertzeko prestatzen dituen infografiak eta mapak, Miel Anjel Elustondok Berrian argitaratutako Tonbolan ehortzirik elkarrizketa alegiazkoaren sorta; eta Euskadi Irratiko Albiste Faktoria irratsaioko lantaldea, urte osoan egindako lanagatik.

Komunikazio arloan beste sari bat banatuko dute, lau proiektu hauen artean: Egunean Behin jokoa, CodeSyntaxek sortua; Ene Kantak proiektua; Arteman, Lur eta Amets filma zabaltzeko egindako komunikazio lanagatik; Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus musika taldea, Urmuga proiekturako egindako iragarkiarengatik.

Irabazlea nor den azaroaren 26an esango dute, Andoaingo Bastero kultur etxean egiteko asmoa duten ekitaldian. Bertan Xabier Lete hartuko dute gogoan, haren heriotzaren hamargarren urteurrena dela eta. 

Zortzi finalistak Andoaingo Bastero kultur etxean azaroaren 26an egitekoa duten ekitaldian izango dira, eta han jakinaraziko dituzte arlo bakoitzeko irabazleak. Ekitaldian Xabier Lete hartuko dute gogoan, haren heriotzaren hamargarren urteurrena den honetan. Leteren lana aitortu eta eskertzeko, Joxan Goikoetxea, Klara Mendizabal, Petti eta Antton Valverde musikariek emanaldia egingo dute; 19:00etan hasiko da..

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide