Hamabi kasu berri atzeman ditu Zarautzen Osakidetzak

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 6a, 13:54

Duela lau egin gainditu zuen Zarautzek 500eko intzidentzia tasa, eta une honetan, 738,17koa da. Urola Kostan beste 64 koronabirus kasu zenbatu ditu Osasun Sailak, horietako 12, Zarautzen.

Datu kezkagarriak eman ditu beste egun batez Osasun Sailak. Herenegun Zarautzen egindako PCR probetan hamabi kasu gehiago zenbatu dituzte. Hilaren 2an gainditu zuen 100.000 biztanleko 500 positiboren langa, eta ordutik, asko hazi da positibo kopurua. Une honetan 738,17koa da intzidentzia tasa.

Urola Kostan, hilaren hasierako datuekin alderatuta, zertxobait apaldu da kasu kopurua: 64 kasu gehiago zenbatu zituzten atzo. Azkoitian zenbatu dituzte kasu gehienak; guztira, 21. Aste honetan nabarmen hazi da herri horretako positiboen kopurua: astelehenaz geroztik, 75. Ondorioz, intzidentzia tasak nabarmen egin du gora Azkoitian, eta 1.500ekoa izatera heltzear da.

Azpeitian ere igo egin da azken egunotan zenbatutako kasu kopurua. Atzo 14 kasu atzeman zituzten herri horretan, herenegun baino lau gehiago. Urriaren 29tik apaltzera egin du intzidentzia tasak Azpeitian, baina altua da oraindik ere: 1.368,32, hain zuzen ere.

Intzidentzia tasari erreparatuz, Zumaiak ditu datu okerrenak: 1.689,57koa da herri horretan. Hala ere, nabarmentzekoa da herri horretan baheketa selektiboa egin zutenetik egunez egun jaistera egin duela atzemandako kasu kopuruak, eta beraz, apurka bada ere, jaisten ari da intzidentzia tasa ere. Atzo bost kasu zenbatu zituzten Zumaian. 

Orion beste sei kasu hauteman dituzte, eta semaforo gorria piztu da dagoeneko herri horretan. Azken zazpi egunetan 29 kasu detektatu dituzte Orioko PCR probetan.

Aian, Aizarnazabalen, Errezilen eta Zestoan positibo bana zenbatu dute azken orduetan. Bi kasu izan dira, berriz, Getarian. Beraz, Beizaman ez ezik, beste herri guztietan atzeman dituzte kasuak. 

Hego Euskal Herrian, 1.892 kasu

Gipuzkoan 663 positibo izan ziren atzo, 690 Bizkaian, eta 175 Araban. Guztira, 14.937 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 1.277k eman zuten positibo –positibotasun tasa % 8,5ekoa da–. Erietxeetako egoerak nabarmen egin du okerrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: atzo 74 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 463 dira ospitaleetan daudenak. Horietatik 111 lagun daude ZIUn. 

Nafarroako datuak ere eman ditu hango gobernuak. Herenegun 4.482 proba egin zituzten, eta horietatik 345 kasu zenbatu dituzte. Astelehenetik nabarmen moteldu da positiboen hazkundea, eta 400 kasutik behera zenbatu dituzte bi egunetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide