Gaurtik aurrera itxita egongo dira taberna eta jatetxe guztiak, gutxienez, bi astez. Kolpe gogorra izango da itxiera ostalari gehienentzat, eta hainbat elkartek mobilizazioak deitu dituzte egoera salatzeko. Hain zuzen, Zarauzko Zurekin Ostalarien Elkarteak ere Donostiako mobilizazioarekin bat egiten duela iragarri zuen atzo; herriko ostalariek ere "langileak eta familiak babesteko beharrezkoak diren laguntzak" aldarrikatzen dituzte. Izan ere, elkartea 54 ostalaritza establezimenduk osatzen duten arren, Zarautzen, guztira, 200 negozio inguru daude ostalaritzari lotuak, Martin Argiñano Zurekineko Zuzendaritzako kideak azaldu duenaren arabera. Egoeraren inguruan hitz egin du Zarauzko Hitzak harekin.
Argiñanok azaldu duenez, neurri hauek ezarri aurretik ere taberna edo jatetxe askoren asmoa zen negua hurbildu ahala ixtea. "Batzuk gaueko aisialdikoak direlako eta ez dutelako zereginik, eta, beste batzuk, alokairuari ezin diotelako aurre egin. Ateak irekitzeko Aste Santu garaia arte itxarotea da zenbaiten asmoa, udan ateratako sosekin urtea egingo dutelakoan", azaldu du. Asmoak asmo, denak daude ixtera behartuak aurrerantzean, eta ez dakite noiz izango diren zabaltzeko moduan, kutsatze berrien bilakaeraren araberakoa izango baita hori.
Ixteko agindu honen aurretik ere baziren herritarren bizimodua baldintzatzen duten neurri zorrotzak indarrean, besteak beste, galarazita baitago norberak bizileku duen udalerritik harago joatea. Horri lotuta, Argiñanok dio Zarauzko ostalaritza ezin dela mantendu zarauztarrekin bakarrik. "Kanpoko jende asko etortzen da, Gipuzkoako beste herrietatik etortzen direnak eguna pasatzera, bigarren etxebizitza hemen daukatenak... horiek behar-beharrezkoak ditu Zarauzko ostalaritzak".
Aurretik egoera oso larria eta kezkagarria bazen ere, gaurtik aurrera indarrean den itxiera aginduak haserrea sortu du ostalarien artean. Espero zuten ixteko agindua, baina, aldi berean, "esperantza moduko zerbait" zuten ez zela gertatuko. "Egun batetik bestera izan da gainera. Txorakeria ematen du, baina jendeak erreserba asko zituen asteburu honetarako, eta jaki asko zakarrontzira bota beharko dute. Gutxienez abisatzea zeukaten, edo astelehenera arte uztea, edo astelehenean abisatzea asteburuan itxi beharko dela... baina egin duten bezala, behintzat, ez".
Beste zerbitzu guztiak martxan izateak ere kezkatzen du Argiñano. Esaterako, aipatu du garraio publikoan edota saltoki handietan jendea barra-barra dabilela, baina horietan ez dela neurririk hartzen. Izan ere, beldur da birusaren hedapenean eraginik ez duen izango tabernak ixteak, eta laster neurri zorrotzagoak hartu beharko ez ote diren ondorioz. "Horrek guretzat suposatuko luke aste gehiagoz itxita edukitzea, eta, martxa honetan, negozio askok ez dute negua salbatuko". Iradoki du neurriak hartu behar badira, "dena ixtea" litzatekeela benetan eraginkorrena bere iritziz.
Askok beren eskaintza moldatu behar izan dute eta neurriek dituzten zirrikituetara moldatu. Hala, etxera eramateko janaria prestatzen hasiko dira herriko jatetxe asko, baina, Argiñanok azaldu du 21:00ak arte soilik eraman dezaketela janaria etxeetara, eta horrek asko mugatzen dituela. "Utzi zezaketen 23:00k arte behintzat, afariak eman ahal izateko".
Oraindik lehen laguntzaren zain
Martxoko itxialdia hasi zenean egunkarietako titularretan irakur zitekeen agintariek laguntza handia bideratuko zutela ateak itxi beharrean geratu ziren negozioentzat. Argiñanok nabarmendu du hitzemandako haietatik "oso dirulaguntza gutxi" heldu direla, eta lortzeko "papeleo izugarriari" aurre egin behar izan diotela ostalariek. "Are gehiago, batzuek ez dute lehen aldiko dirulaguntzarik jaso oraindik. Ez dira laguntzak iritsi, eta bigarren itxialdian sartzen ari gara. Egia esan, oso egoera larrian gaude", gaineratu du.
Garbi dago herriko ostalaritza sarean ondorio garbiak izango dituela urte honetan gertatzen ari denak, baina Argiñano baikor agertu da etorkizunaz galdetzean. "Zarautz zerbitzuak eskaintzen dituen herria da. Bisitari asko jasotzen ditu eta horiei eskaini behar zaizkie zerbitzuak: lo egiteko lekuak, otorduak... ea hurrengo urteko udan kontua apur bat normaltzen den", burutu du.