Xabier Txurruka: "Ebro Etxearen inguruan EH Bilduk hauspotu nahi dituen susmo eta beldurrek ez dute fundamenturik"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko azaroaren 6a

Alkateak Ebro Etxearen inguruan sortutako eztabaidari buruzko adierazpenak egin zituen atzo arratsaldean. Zehaztu zuen EAJk ez duela asmorik agintaldi honetan Ebro Etxearen etorkizunaz erabakirik hartzeko, eta inork ez duela esan asmoa denik eraikina eraistea.

Alkateak adierazpenak egin zituen atzo arratsaldean prentsaren aurrean, eta hainbat gai izan zituen hizpide; tartean, Ebro Etxearen inguruan udalbatzarrak hartutako erabaki berria. Hasierako onespena eman zioten urriko osoko bikuran Ebro Etxea Ondare Historiko eta Arkitektonikoen katalogotik ateratzeari. Erabakiak hautsak harrotu ditu herrian: EH Bildu eta Podemos Equo Berdeak aurka agertu ziren, eta gutun honetan ageri denez, deskatalogatzea atzera botatzeko sinadura bilketa hasi zuten hainbat herritarrek.

Txurrukak zehaztu zuen Udal Gobernua "etengabe lanean" ari dela herriko "ekipamendu sarea eta ondarea hobetzeko", eta Udal Gobernuak esku artean izandako hainbat proiektu zerrendatu zituen: "Torreoia, Modelo Aretoa eraberritzea, Udal Musika Eskolaren erosketa, Astiko kirol instalazioetan hobekuntzak, Lizardi Kirol Aretoa, eta bidean datozen beste hainbat proiektu, batzuk oso potenteak".

Ebro Etxearen eraikinari dagokionean, azaldu zuen "beharrezkotzat" jotzen zutela "bere etorkizunari buruz edozein erabaki hartu aurretik, bere ondare balioa finkatuko zuen azterlan zehatza aditu bati eskatzea".

Azterlan hori eskatu dute, alkatearen arabera, "egungo babes mailarekin mugatuta leudekeen inbertsioak bideragarriak diren ala ez jakiteko, eraikin horri beste erabilera batzuk eman eta birgatu edo zabaldu ahal izateko". Zehaztu zuen inork ez duela esan asmoa denik eraikina eraistea, eta horretaz ari direnei gogorarazi nahi izan zien "EAJ izan dela Vista Alegreko Torreoia birgaitu duena, EH Bilduk Torreoiarentzat zuen proiektua atzera bota ondoren". Esan zuen koalizioak nahi zuela Torreoia aurri egoeran mantentzea, baina EAJk ez zuela bat egiten ideia horrekin, proiektu horrek "Torreoiaren heriotza" zekarrelako.

Jarraitu zuen esanez jakin badakitela denek Ebro Etxearen egungo egoera kaskarra dela, baina katalogazioak "egokitasun tarte txikia" uzten diola eraikinari, eta horregatik eman diotela hasierako onespena babestutako eraikinen katalogotik ateratzeko prozesuari. Udalbatzarrean zehaztu bezala, argitu zuen orain hilabeteko epea zabalduko dela herritarren ekarpenak, iradokizunak edo alegazioak jaso ahal izateko eta, ondoren, jasotako alegazioak baloratu eta erantzun ondoren, dokumentu teknikoa berridatziko dela, Eusko Jaurlaritzara eta Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzeko.

Amaitzeko, alkateak gaineratu zuen EAJk ez duela asmorik agintaldi honetan Ebro Etxearen etorkizuneko erabileraz erabakirik hartzeko. "Beraz, EH Bilduk prentsan hauspotu nahi izan dituen susmoek eta beldurrek ez dute inolako fundamenturik. EAJk esan ez ditugunak zabalduz, espekulatzen eta alarma soziala elikatu nahian dabilela esango nuke".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide