Zarautzen hamabost positibo atzeman zituzten atzo

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 4a, 14:39

Atzoko emaitzak gehituta, une honetan 673,79koa da intzidentzia tasa Zarautzen. Urola Kostako bost herritan dago piztuta semaforo gorria: Azpeitian, Zarautzen, Azkoitian, Zumaian eta, aurreneko aldiz, Orion. Bihar bilduko da LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea, eta EAEn neurri murriztaile gehiago ezarri edo ez aztertuko du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, eskualdean gora egiten jarraitzen du atzemandako kasu positiboen kopuruak. Atzo, azaroak 3, Osakidetzak 77 kasu berri zenbatu zituen Urola Kostan. Azpeitian detektatu zituen positibo gehien, berriz egin baitu gora kopuruak: herenegungo zortzi positiboen ostean, 21 emaitza positibo izan ziren atzo. Gaur gaurkoz, 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 1580,87koa da Azpeitian (1.481,24koa zen atzo). Dena den, ostiralean zenbatutako 24 positiboen azpitik jarraitzen du kopuruak.

Atzetik jarraitzen diote Azpeitiari Zarautzek, Azkoitiak eta Zumaiak, eta atzo zenbatutako zazpi kasuekin, gorriz jantzi da Orio ere. Zarautzen ere igo egin da kasu berrien kopurua, hamabost positibo detektatu baitzituen atzo Osakidetzak. Hamarna emaitza positibo izan ziren herenegun eta igandean, eta 673,79koa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz. Azkoitian hamahiru kasu berri zenbatu zituzten atzo, herenegun baino bost gutxiago. Ostiraletik igandera bitartean, hogei positibo atzeman zituzten. Kasu metatuen tasa 1.417,97koa da une honetan Azkoitian (1.326,22koa zen atzo). Zumaiak gertutik segitzen dio Azkoitiari: hamabi positibo berri izan ziren atzo, herenegun baino hamar gehiago. Hala, intzidentzia tasa altua du oraindik: 1.882,95 (atzo, 1.923,66koa zen). Semaforo gorria, beraz, piztuta dago oraindik Azpeitian, Zarautzen, Azkoitian eta Zumaian.

Dena den, ez dira gorriz margotutako herri bakarrak eskualdean: argi laranjatik igarota, aurreneko aldiz, kolore gorriz markatu dute Orio. Atzo zazpi kasu berri zenbatu zituzten, herenegun baino lau gehiago. Orain, 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 511,47koa da. Aizarnazabalen ere izan da igoera: bost emaitza positibo izan ziren atzo, herenegun baino lau gehiago. Hortaz, intzidentzia tasa 1,572ra igo da.

Aian bi positibo detektatu zituen atzo Osasun Sailak (700,70ekoa da intzidentzia tasa), eta Getarian eta Errezilen, bana. 948,70ekoa da kasu metatuen kopurua Getarian, eta Errezilek du eskualdeko tasa altuena: 3.343,95.

15.611 proba Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzak argitaratu duenez, orotara 15.611 proba (PCR nahiz antigenoak) egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 3.725 gehiago. Horietatik 1.425 izan ziren emaitza positiboak, %9,1, alegia. Gipuzkoan 630 kasu berri topatu zituzten, Bizkaian 623, eta Araban 163. Nafarroan 3.807 pertsonak egin zuten proba atzo, eta urriaren 8tik jaso den daturik baxuena erregistratu zuten: 343 positibo, herenegun baino ia 100 gutxiago.

LABIren bilera, bihar

Bihar, azaroak 5, bilduko da LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea. EAEn neurri murriztaile gehiago ezarri edo ez aztertuko du batzarrean, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez. Azken asteetan adierazi du mahai gainean dela itxialdi orokorra indarrean sartzeko aukera, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur ere ez du balizko neurria baztertu. “Gero eta gutxiago izan arren”, ordea, gogorarazi du badirela beste aukera batzuk.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide