Gutuna: Platonen kobazuloaren mitoa

Ainhoa Alberdi Gisasola 2020ko azaroaren 4a

Ainhoa Alberdik ondorengo gutuna helarazi dio ZARAUZKO HITZAri. Bertan, hizpide izan ditu musukoak, neurriak, neurrien nolakotasuna nahiz osasuna. "Ez ote gaude kobazuloaren barruan? Errealitate bakar bat dagoenaren ilusio horretan sartuta? Ez ote ari zaizkigu sinestarazten kobazuloaren barrutik ikusten diren itzal horiek bakarrik existitzen direla?".

Ainhoa Alberdi Gisasola naiz, psikologian lizentziatua, psikoterapeuta teknikoa gestaltiko eta bioenergetikoan, aireko yogako eta meditazioko irakaslea, antzerkilaria, dantzaria, sortzailea, ama, emakumea… eta beste hainbat gauza. Hogei urte baino gehiago daramatzat gizakiekin lanean, beraien gorputza entzuten eta lantzen. Urte luzeetako ikerkuntza horretan, erlazio zuzena ikusi ditut arnasaren, gorputzaren mugimenduaren, energiaren eta horrek guztiak gure ongizatean eta osasunean duen
eraginaren artean.

Urriaren 13an hasi nintzen gidari Zarauzko Emakumeen* Etxean antolatu diren ikastaroetako batean, eta asteartero aritu naiz Itsasoaren Dantza izeneko ikastaroa ematen. Ikastaro horretan mugimendutik gelditasunera doan bidaia lantzen dugu. Gorputza mugitzea gure zelulen mugimendura hurbilduz, gorputza gero eta askeago eta errazago mugitu ahal izateko, eta hortik gelditasunera joatea; eseri eta gure barrena entzutea, meditazioa deritzon horretan sakontzeko eta emakumeek tresna hori beraien bizitzetara eramateko, beraien ahalduntzean eta osasunean eragina izan dezan.

Arnasaren entzumena lantzen dugu, airea sartu eta irten egiten da gure gorputzetik, baina musukoa bezalako elementu batek gure airea sartzea eta irtetea gutxitzen du, galarazten du. Airea sartzearekin eta irtetearekin, oxigenatu egiten dira gure garuna nahiz barne organoak, eta musukoaren barnean arnasten dugunean, gure gorputzak botatzen duen anhidrido karbonikoaren zati handi arnastu egiten dugu berriro ere. Horrek azidotzera eramaten du gure gorputza, eta gorputz azidoak dira gaixotasuna errazago sortzen duten gorputzak; birusak, bakteriak, minbizia ere gorputz azidoetan garatzen da… Eta abar luze bat.

Ikastaroa hasterako, arduradunekin hitz egin nuen, eta lanketa egiten ari ginen bitartean musukoa kentzea onartu zidaten. Baina, azkeneko asteko "segurtasun neurriak" direla eta, hemendik aurrera derrigorrezkoa dela eta denbora guztian musukoa erabili beharko dela esan didate. Hori dela eta, eta ikasleen "OSASUNA" zaintze eta babeste aldera, nire burua derrigortuta ikusi dut ikastaroa bertan behera uztera.

Galdera bat bota nahi nuke, eta hausnartzera gonbidatu nahi nituzke udaleko politikariak nahiz neurriak onartzen eta ezartzen parte hartzen ari diren guztiak, baita norbanako guztiak ere: neurriak balantzan jarrita, benetan aztertzen eta begiratzen ari al gara ez ote diren ari onura baino kalte gehiago egiten?

Bakoitzak bere buruari zintzoki erantzutea nahi nuke. Horrela ez balitz, eta beste interes edo beldur batzuen arabera ari bagara hainbat neurri ezartzen, horrek dakartzan ondorio guztien konplize izango ginatekeelako eta garelako jada. Oxigeno falta, askatasun falta, erabakiak norberak hartzeko eskubide eza, horrek guztiak dakarren tristura, amorrua, zaharren bakardadea, nerabeek erlazioetan duten debekua, haurren egoera… Horrek guztiak eragin nabariak ditu gizartean jada. Eta bestela galdetu Psikiatria sailari, adibidez. Ez ote ditu bizitza gehiago aurretik eramango horrek guztiak ditxosozko zomorro horrek baino?

Nik bizitza begiratu nahi dut. Bizitza ARNASTU nahi dut. Eta noski, bizitza horren parte da hainbeste beldurtzen gaituen heriotza ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide