Beste hamar kasu atzeman dituzte Zarautzen

Zarauzko Hitza 2020ko urr. 30a, 14:19

Zarauzko intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du: 429,17koa da une honetan. Pixkanaka, egoera gero eta kezkagarriagoa da herrian ere.

Koronabirusak hedatzen segitzen duela gauza jakina da; izan ere, egunez egun hazten ari da herriz herri, eskualdez eskualde eta lurraldez lurralde zenbatutako positiboen kopurua. Urola Kosta ez da salbuespena: horren erakusle dira atzo gauzatutako PCR eta antigeno probetan Osasun Sailak atzeman zituen 70 positiboak. Horietako hamar Zarautzen detektatu zituzten, eta egoera oraindik ere inguruko herrietan baino bareago egonagatik, 100.000 biztanleko intzidentzia tasak goranzko joera erakutsi du azken egunetan. Gaur 400eko zifra gainditu du: 429,17koa da intzidentzia tasa. Behin 500eko zifra gaindituta argi gorria pizten da, eta, gaur gaurkoz, Aretxabaleta, Mutriku, Orio eta Zarautz dira Gipuzkoan argi gorririk ez duten 5.000 biztanletik gorako herri bakarrak. Dena den, une honetan indarrean dauden gaitza ez hedatzeko neurriak berberak dira herri guztientzat.

Urola Kostako datuei erreparatuta, asteko joerak berbera izaten segitzen du. Beste behin, Azpeitian detektatu zituen Osakidetzak positibo gehien, eta haren atzetik daude Zumaia eta Azkoitia. Hain zuzen ere, Azpeitian 22 lagunek, Zumaian hamabostek eta Azkoitian hamarrek eman dute positibo COVID-19a detektatzeko probetan. Gainerako kasuak, berriz, honako herri hauetan atzeman dituzte: lau Zestoan, hiruna Errezilen zein Getarian eta bana Orion, Aian eta Aizarnazabalen.

Gipuzkoako egoera ez da batere ona, datuek erakusten dutenez. 5.000 biztanletik gorako herri gehienek alarma gorria piztuta dute, eta horien artean dira Azpeitia, Azkoitia eta Zumaia. Dagoeneko bukatu dute baheketa masiboa Zumaian, baina Osakidetzak ez ditu datuak jakinarazi oraindik. Dena den, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa oso altua du herri horrek: 1.923,33 da hamalau eguneko positibo kopuruen tasa. Azpeitian ere 1.620,71 da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, eta Azkoitian, berriz, 1.267,83. Izatez, baina, Errezilek du eskualdeko tasa altuena –5.095,54–, baina ez da 5.000 biztanlera iristen, eta beraz, ez da Osakidetzak tasaren zenbatekoaren arabera egiten duen kolore bereizketan sartzen.

Azken zazpi egunetako datuei erreparatuz gero, honako hauek dira herriz herriko positibo kopuruak: Azpeitian 122, Zumaian 105, Azkoitian 78, Zarautzen 67, Zestoan 21, Getarian hemezazpi, Errezilen hamahiru, Orion hamahiru, Aian bost, Aizarnazabalen hiru eta Beizaman batere ez.

Egoera ez da batere ona

Egoera ez da inolaz ere ona Hego Euskal Herrian, atzo ia bi mila positibo zenbatu zituzten. Orotara, 1.959 kasu atzeman zituzten atzokoan, herenegun baino 182 positibo gehiago. 20.810 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta herritarren %9,4k eman zuten positibo horietan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.325 positibo atzeman zituen atzo Osakidetzak, hau da, probak egin zituzten herritarren %8,2k eman zuten positibo atzokoan. Guztira, 16.237 PCR eta antigeno proba gauzatu zituzten. Nafarroan, berriz, 4.573 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta 634 positibo zenbatu zituen, hango gobernuak eman dituen datuen arabera. 

Gipuzkoako egoera larria da, eta Bizkaikoa ere hala ari da bilakatzen; izan ere, dagoeneko gainditu du 100.000 biztanleko 500 positiboren langa. Egora kaskartzen ari den seinale da atzo positibo gehien Bizkaian zenbatu izana: 605. Baina Gipuzkoan ere ugari izan ziren, 570. Araban, berriz, 140 positibo detektatu zituzten atzo, eta etxebizitza hiru lurralde horietatik kanpo duten beste 11 lagunek ere eman zuten positibo.

Atzo 63 pertsona ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur egun, 395 dira –herenegun baino bederatzi gehiago– koronabirusa tarteko ospitaleetan diren gaixoak. ZIUn daude horietatik 84, herenegun baino bost gehiago. Nafarroako ospitaleetan 56 lagun daude ZIUn.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide