Pandemiaren ahotsak

Marije Zumeta: "Zerbait itxi gabe utzi dugula sentitzen dut"

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 29a, 10:00

Sekula ez da erraza izan pertsona maite baten eskutik betirako askatu behar izatea, baina are zailagoa da adioa hainbat egoeratan. Azken hilabeteetan pandemiak baldintzatu du hainbat eta hainbat pertsonaren arteko azkeneko agur hori, kasu askotan, itxialdiak edota segurtasun distantziek ezindutakoa. Horixe izan da Marije Zumetaren eta bere ama Felisa Iraolagoitiaren kasua. Zumetak tristura puntu batekin gogoratzen du oraindik udaberrian gertatutakoa, baina indartsuak dira oroitzapen onak eta esker hitzak ere.

Apirilean zendu zen zuen ama, Donostiako ospitalean. Nola oroitzen dituzu horren aurreko asteak?

Zarauzko Santa Ana egoitzan zegoen gure ama, eta 94 urte zituen. Ni arratsaldero joaten nintzen hara: buelta bat ematen genuen elkarrekin eguraldi ona egiten zuenetan, eta eguraldi kaxkarra egiten zuenetan, egoitzan geratzen ginen. Konfinamendua hasi baino astebete edo bi aste lehenago konturatu ginen inork ez zekiela oso ondo zer gertatuko zen COVID-19arekin eta zer egin behar zen egoitzetan.

Halako batean, amarekin segurtasun distantzia mantendu beharko genukeela eta maskarak jantzi beharko genituela jakinarazi ziguten, eta gero esan ziguten, larrialdi egoeraren ezarpenarekin, momentuz ezingo ginela joan. Argazkiak bidaltzen zizkiguten egoitzako langileek; oso sinestuna zen gure ama, eta argazkietan ikusten genuen arrosarioarekin otoitz egiten, beti irribarrez. Beti zegoen pozik gure ama.

Egun batean telefonoz deitu zidaten egoitzatik, esanez goibel ikusten zutela ama. Gaua nola igarotzen zuen ikusiko zutela esan ziguten, eta hurrengo egunean, amak gaua ondo igaro zuela azaldu ziguten. Arratsaldean, ordea, okerrera egin zuela esateko deitu zidaten berriz. COVID-19a atzemateko probarik egina ez bazuen ere, ez omen zuen sukarrik. Ospitalera eraman zuten dena den, eta berehala jakinarazi ziguten koronabirusa zuela, eta ez zuela atzera-bueltarik.

Ama Donostian ospitaleratu zutenean ezin izan zineten han egon, beraz.

Ez, baina azpimarratu nahi dut zoragarri jokatu zutela gurekin egoitzako nahiz ospitaleko langileek. Goizero deitzen ziguten telefonoz amak gaua nola igaro zuen esateko, eta ospitalean zegoenean ere argazkiak bidaltzen zizkiguten Whatsapp bidez, ama nola zegoen ikus genezan. Irudietan lasai ikusten genuen ama, etzanda, hodirik edo halakorik gabe, lo bezala. Bi egun egon zen hala Donostian, eta hirugarren egunean, apirilaren 1ean, hil zen.

Gertatu den guztia gogora ekartzean, zer da gogorrena zuretzat?

94 urte zituen gure amak. Guk badakigu pertsona guztiok hilko garela noizbait, eta adin horrekin, gainera, sarri ez dagoela atzera-bueltarik. Baina niretzako gogorra izan da, eta oraindik ere bada, ama ez agurtu izana. Zerbait itxi gabe utzi dugula sentitzen dut. Norbait hiltzen denean baina horren aurretik bere ondoan zaudenean, desberdina da. Guk, zoritxarrez, izan ditugu halako kasuak familian, baina halakoetan pertsona horren alboan egon zaitezke, eskua eman, agurtu. Eta gure kasuan, hori da falta izan zaiguna.

Gaindituko dudan zerbait da hau, baina askotan izaten dudana gogoan. Batzuetan, arratsaldea heltzen denean eta zer egin behar dudan pentsatzen hasten naizenean, oraindik ere nire buruari gogorarazi behar diot ama ez dagoela hemen eta ez dudala egoitzara joan beharrik. Ni pozik nago azkeneko urteetan oso harreman ona izan dudalako amarekin; hori gelditzen zait, eta ez da gutxi. Baina tristura puntu batekin oroitzen dut bera ez agurtu izana.

Eta hala ere, esan behar dut joan direnak joan direla jada, baina are gogorragoa dela oraindik hemen daudenak ezin bisitatu eta ikusi ahal izatea. Orokorrean da gogorra bizi dugun egoera.

Nola izan ziren ama zendu eta geroko urratsak?

Ama hil eta gero eraman zuten Zarauzko beilatokira, eta errausketaz arduratu ziren han. Lehen esker hitzak izan ditut Santa Anako eta Donostiako ospitaleko langileentzat, baina tanatoriokoak ere zoragarri portatu ziren. Esan ziguten, ama erraustu aurretik, haren ondoan egongo zirela bi pertsona. Horrek indar izugarria eman zidan; entzutea gutxienez bi pertsona egongo zirela amarekin, hura agurtzen, eta ez zela une horretan bakarrik egongo... Poza eman zidan horrek.

Aurrerago egin genuen hileta, baina errautsak gurekin ditugu oraindik. Santa Barbarara eraman nahi ditugu eta oroigarri txiki bat jarri han, baina familia osoa elkartu nahi dugu horretarako, eta orain ezinezkoa da: hamar pertsona baino gehiago elkartzea debekatuta egon da orain arte, eta orain, sei pertsona baino ezin gara elkartu. Beraz, ezin dugu agur hori orain egin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide