Harridurak utzitako lekua lotsak hartu du AEBetako bozketa honetan: nola utzi diogu pailazo honi presidente izaten/jarraitzen? Eta, horrekin batera, beldur areagotua: zer ez ote du egingo beste lau urte baditu bere kaudillotasunerako, jakinik ez dela egongo hortik aurrera jokoan ea berriz hautatuko duten —ez bada legez aldatzen zortzi urteko muga!—: hor konpon nire ondoren zer datorren, agenda guztia bete badut ordurako, sarraskiak sarraski.
Eta ulertzekoa da beldur hori, dudarik gabe. Baina, eta irabazten ez badu? Gaitz erdi noski; ez da nolanahikoa, baina, gelditzen den erdi horren panorama: sistema (kapitalismo lotsagabetua); bipartidismo-jokoa (batekin aspertutakoan, beste alderdia, eta segi aurrera); gutxiengoen desboterea (bozka-bazka huts); proletario eta miseriaratuen ezina eta etsia (utikan politika, betor salbatzailea); klase ertainaren eskaste eta ikara; pandemia hau eta etorriko direnak; klimaren, Lurraren, gure guztion hondamendia.
Ez baita mirariz desagertuko Donald Trumpek mobilizatutako oldar apokaliptikoa, eta traba latzak jarriko dizkio, kalean zein hiru botereen jauregietan, bere dogmen kontra doan edozeri: abortu eskubidea, osasun eta hezkuntza publikoa, migranteen duintasuna.
Itxuraz politikak polarizatutako herrialde bat dira AEBak: gorriak (errepublikanoak) eta urdinak (demokratak); landa eremuetako biztanleak eta hiriguneetan bizi direnak; estatu aurrerakoiak eta tradizionalistak, unibertsitate-ikasketak dituztenak eta ez dituztenak; jende arrunta eta intelektualak; Trumpen berriketa arrunta gustuko dutenak (sad, bad, amazing), eta haren sinplekeria (gehienetan era sinplean) salatzen dutenak.