Euskaraldia 2020

1.000 zarauztarrek baino gehiagok eman dute izena jada Euskaraldian

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 27a, 15:00

(Euskaraldia Zarautz)

Online edo Euskaraldiaren bulegora bertaratuta egin daiteke izen-ematea. Aurten, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean izango da Euskaraldia.

Gero eta gutxiago geratzen da atzerako kontaketan: hiru aste inguru falta dira aurtengo Euskaraldiari hasiera emateko. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean izango da bigarren edizioa, eta aurreko astean zabaldu zuten izen-ematea. Izan du erantzuna jada deialdi berriak: Zarautzen 1.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena.

Aurtengo berrikuntza modura, Euskaraldian parte hartzeko aukera izango dute entitateek, Arigune modura. Dena den, "ariketa soziala" egingo duten norbanako guztiek eman beharko dute izena (norbanako modura, Ariguneren bateko kide izan arren).

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, izen-ematea online egitea lehenetsi dute. Horretarako, atari honetara jo dezakete herritarrek. Hala ere, Euskaraldiaren bulegora (Zigordia kalea, 34) ere joan daitezke inskripzioa egitera. Ahobizi eta Belarriprest txapak bulegoan daude eskuragai, eta hurbileko pertsonen txapa jaso ahal izango dute bertaratzen direnek, jende pilaketak ekiditeko.

Astelehenetik ostiralera izango da irekita Euskaraldiaren bulegoa, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide