Zarautzen ostatu ematen duten hainbat negoziotako arduradunekin hitz egin du ZARAUZKO HITZAk. Gutxienez hamabost egunez izango dira itxita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriak eta, horrek, zalantzarik gabe, eragin zuzena izango du haien jardunean. Arduradunetako batek adierazi du aurreikusi zitekeela Eusko Jaurlaritzak dimentsio horretako neurri bat ezartzea, baina "zoritxarrekoa" dela albistea haientzat.
Azaldu duenez, azkeneko hilabeteetan, Espainiako Estatutik mugitu diren turista taldeei esker egin dute aurrera negozioan, baita lanarekin lotutako bidaiei esker ere. Mugimenduen mugatze berriarekin ez da inolako turismorik izango orain, eta arrazoi profesionalengatiko bidaiei dagokienez ere ezkor agertu da arduraduna: erreserbaren bat edo beste jada bertan behera utzi dutela dio. "Estatu mailako turismorik gabe eta lanarekin lotutako bidaiarik gabe, ez zaigu ezer geratzen", hausnartu du. Hala, momentuz negozioa ixtea erabaki dute, datozen hilabeteetarako behintzat: "Baldintza hauekin, une honetan ez du merezi negozioa irekita izateak".
Zirrikituetan arnas
Egoera beltza da Zerupe hotelarentzat ere, baina horiek ateak zabalik mantentzea erabaki dute. Joxe Mari Alkorta bertako arduradunak azaldu du ixteko ez dietela agindu, baina horretara behartu dituztela, halabeharrez. "Baldintzak oso-oso gogorrak dira. Errazagoa da ixteko ez agintzea, horrek suposatuko lukeelako agintzen duenarentzat neurri ekonomikoak hartzea". Hori dela eta, Alkortak egiten duen irakurketa da ixtera behartu dituztela, hori egiteko agindu beharrik izan gabe.
Azaroa normalean xumea izaten da hotelarentzat bezero aldetik, eguna mozten delako, eguraldia goibeltzen delako eta hainbesteko argitasunik egoten ez delako. Zarauzko taberna askok itxi egiten dute urte normaletan, eta hotelei ere eragiten die mugimendua gutxitze horrek. "Aurtengo azaroan lanagatik bidaiatzen ari direnak bakarrik etorriko zaizkigu, beraz, asteburuetan ez dugu jarduerarik izango ia. Astean zehar, tantaka-tantaka agian etorriko da norbait". Oztopoak oztopo, zerbitzua ematen jarraitzea erabaki dute: "Guk uste dugu gure lana ez dela soilik turismoari emana, baizik eta gizartearentzako zerbitzu bat eskaintzen dugula, orduan, ez ixtea erabaki dugu".
Herriaren turismo panoramaren inguruan galdetuta, erantzuna "denborak" ekarriko duela azaldu du Alkortak. Hizpide izan ditu ostalarientzako hitzemandako laguntzak ere: "Oso polita da esatea dirulaguntzak egongo direla, baina denbora pasa da eta oraindik zain gaude. Tarteko burokraziak eraginkortasuna kendu die laguntza horiei; denbora asko igaro da, orain bigarren laguntza saioaz hitz egiten ari beharko ginateke, eta oraindik lehenengoak ez dituzte eman".