Pandemiari aurre egiteko helburuarekin eta Espainiako Gobernuak atzo onartu zuen alarma egoerak eman dion boterea baliatuz, neurri zorrotzak hartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Mugikortasuna mugatzeko erabakiak hartu ditu, batetik. Horrela, herritarrek ezingo dute bizilekua duten udalerritik atera, ez bada lan, hezkuntza, osasun edo zaintza arrazoiengatik; soilik alboko udalerrietara mugitzeko ahalmena izango dute, jarduera sozioekonomikoak egitera joanez gero. Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoara sartzea edo lurralde horietatik irtetea ere debekatu egin du Jaurlaritzak, ez bada aurrez aipatutako arrazoiengatik. Bestetik, biltzeko askatasuna mugatu du: leku publiko zein pribatuetan ezingo dira sei lagun baino gehiago elkartu, ez badira etxe berean bizi. Azkenik, etxeratze agindua ezarri du: herritarrek ezingo dute kalean ibili 23:00etatik 06:00etara bitartean, justifikatutako arrazoiengatik ez bada.
Neurri nagusi horiekin batera, kirol edota kultur ekitaldiak ikustera ekitaldi horiek egiten diren udalerrietako biztanleek soilik joan ahalko dutela ere aurreratu dute.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman du neurri horien berri gaur arratsaldean, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordearen bileraren ostean. Haren esanetan, momentuz hamabost egunez egongo dira neurri horiek indarrean, baina egoera horren aldakorra izanik, egunero berrikusiko dituztela aurreratu du. Neurri horiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoa guztian izango dute eragina, hiru lurralde horietako udalerri guztietan, bihar 06:00etatik aurrera, neurriak jasoko dituen Lehendakaritzako dekretua gaur bertan argitaratzen badute, beti ere; horrela izatea “espero” dutela esan du Sagarduik.
Semaforo gorridunak
Egoera epidemiologiko larria duten herrietan, alegia, 5.000 biztanletik gora dituzten eta 100.000 biztanleko 500etik gorako intzidentzia tasa duten herrietan -eskualdean, Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian-, beste hainbat neurri egon dira indarrean joan den ostiraletik gaur arte. Bihartik, ordea, jaurlaritzak gaur onartutako dekretuan jasotako neurri berberak izango dituzte herri horietan ere, Sagardu sailburuak azaldu duenez.
Horrenbestez, besteak beste, semaforo gorridun udalerrietan, gainerako guztietan bezala, 23:00ak arte irekita egoteko baimena izango dute bihartik aurrera tabernek, jatetxeek eta saltokiek. Sagarduik ez du zehaztu, hala ere, beste neurriak zertan geldituko diren. Hauek dira neurri horietako batzuk: haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ezin dira erabili 21:00etatik 06:00etara bitartean; eta ezin da taldean kirolik egin, abian diren kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirolariek izan ezean. Horietaz aparte, hiru herri horietako udalek beste hainbat neurri ere hartu dituzte pandemiari aurre egiteko.