83 kasu berri zenbatu ditu Osakidetzak Urola Kostan, horietatik hiru Zarautzen

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 22a, 13:04

Semaforo horian sartu da gaur Zarautz. Hiru koronabirus kasu berri atzeman zituen Osakidetzak atzo, eta 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak 200en muga gainditu du. Eskualdeko gainontzeko hainbat herrirekin alderatuta, ordea, bare dago egoera momentuz: 35 kasu atzeman zituzten atzo Azpeitian, 21 Azkoitian eta 17 Zumaian.

Osakidetzak egunero plazaratzen duen txostenaren arabera, hiru koronabirus kasu berri atzeman zituzten atzokoan Zarautzen. Herenegun baino hiru kasu gutxiago atzeman bazituzten ere, txostenaren arabera, 206 da orain 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa. I(D)/I(D-7) indizeak, berriz, 1a gainditu du (1,2 da gaur gaurkoz). Horiek guztiak kontuan hartuta, semaforo horian dago Zarautz. 

Eskualdeko gainontzeko herriei begira, aurretik ere nahikoa kezkagariak ziren argi gorriak are eta biziagoak dira gaurko datuekin. Beste 83 kasu zenbatu ditu Osakidetzak Urola Kostako herrietan, guztira. Azpeitian detektatu dituzte kasu gehien: 35. 100.000 biztanleko azken 14 egunetan 1.321,82ko intzidentzia tasa du Azpeitiak azken datu hauen arabera. Azkoitian ere datuak kezkagarriak dira, beste 21 positibo atzeman dituztelako. Intzidentzia tasa 1.059, 30ekoa da une honetan. Zumaian ere ez du etenik positiboen zenbaketak. Beste 17 kasu zenbatu ditu Osasun Sailak eta intzidentzia tasa 1.000tik gorakoa da une honetan: 1068,70 hain zuzen ere.

Eskualdeko beste bost herritan ere izan zituzten atzo positiboak: Errezilen lau –4.299,36ko intzidentziarekin– eta Zestoan, Orion eta Aian bana. Getarian, Beizaman eta Aizarnazabalen ez dute kasurik zenbatu. 5.000 biztanletik gorako herrietan, 500etik gorako intzidentzia tasa duten herrietan neurri bereziak hartzea aztertzeko bilera egingo dute gaur 18:00etan. Babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordea (LABI) bilduko da erabakiak hartzeko eta, gaur gaurkoz, Azpeitiari, Azkoitiari eta Zumaiari eragingo liekete balizko neurriok.

Hego Euskal Herriko datuak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.470 PCR proba egin dituzte, eta guztira 1.033 positibo zenbatu dituzte. Hiru herrialdetako intzidentzia tasa 418,28an kokatzen da une honetan. Gipuzkoan zenbatu dituzte kasu genien, 503 positiborekin; intzidentzia tasa 576,97ra igo da datu hauen ondoren. Bizkaian beste 423 kasu izan ziren atzo (338,54ko tasa), eta Araban 96 (311,62ko intzidentzia tasa).

Pandemiak azken asteotan izan duen igoera kezkagarriaz jakitun, gaur arratsaldean elkartuko da Euskadiko planaren aholku batzordea (LABI) 5.000 biztanletik gorakoak diren eta 100.000 biztanleko 500dik gora positiboko tasa duten herrietan zer neurri hartu dezaketen aztertzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide