Intzidentzia tasak behera egin du berriro Zarautzen

Zarauzko Hitza 2020ko urr. 20a, 15:45

Koronabirus kasu bakarra atzeman zuten atzo Zarautzen. Herrian intzidentzia tasak behera egin badu ere, Gipuzkoari begiratuta kezkagarria da egoera: 100.000 biztanleko 500 positiboko tasa gainditu da.

Apalak izaten jarraitzen dute Zarauzko kasu berrien datuek. Atzo positibo bakarra detektatu zuten eta, intzidentzia tasen arrazoiak behera egin du berriro ere: 0,91n dago I(D)/(D-7). Zifra hori 1etik behera mantentzeak esan nahi du intzidentzia tasak behera egin duela. 14 eguneko 100.000 biztanleko tasa, berriz, 171,67koa da Zarautzen kasuan, azken datuen arabera. 

Zarauzko kasuaz gain, Urola kostan beste 29 pertsonak eman zuten atzo positibo PCR probetan. Urola Kostako kasuen ia erdiak Azpeitian zenbatu dituzte, hamalau, hain zuzen ere. Gainontzeko herrietan, berriz, honako hauek izan dira datuak: Zumaian bost positibo, Azkoitian eta Errezilen hiruna eta Getarian eta Zestoan bina. Dagoeneko hiru dira semaforo gorrian dauden eskualdeko herriak: Azpeitia (1.195,62), Azkoitia (1.109,35) eta Zumaia (763,36). Horrez gain, aipatzekoa da Errezilgo kasua ere, 3.184,71eko intzidentzia tasa baitu.

Hego Euskal Herriko datuak

Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 625 kasu berri zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 32 kasu gutxiago. Hiru herrialde horietan atzo gauzatu zituzten PCR probak, berriz, 8.953 izan ziren, herenegun baino 1.115 test gehiago. Gipuzkoan izan dira hiru herrialde horietan daturik okerrenak, kasuen ia erdiak (304) lurralde horretan hauteman baitituzte. Gainera, lehen aldiz Espainiako Gobernuak konfinamenduaren gisako neurriak hartzeko ezarritako 100.000 biztanleko 500 positiboko tasa igaro du —506,14ko tasa du Gipuzkoak—, baina oraindik ez dute erakundeek halako neurririk iragarri. Dena den, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak urgentziazko bilera egingo du herrietako alkateekin gaur arratsaldean.

Ospitaleratzeei dagokienez, 312 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egun erietxeetan dauden gaixoak —herenegun 300 ziren—, eta atzo 45 pertsona ospitaleratu zituzten, herenegun baino hamabi pertsona gehiago, hain justu. ZIUn dauden eriak, berriz, 59 dira, lau gehiago.

Nafarroan bost hildako izan ziren atzo. 578 kasu positibo zenbatu zituzten, eta ospitaleratutakoen kopurua 309ra igo da –bezperan baino hamahiru gehiago–. 38 lagun daude ZIUn, bezperan baino pertsona bat gehiago. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide