Euskaraldia 2020

Sari mordoa banatuko dugu Hartu Hitza Euskaraldian lehiaketan

Onintza Lete Arrieta 2020ko urr. 16a, 12:00

Asteroko lehiaketa antolatu dute elkarlanean Zarauzko Euskaraldiak eta Zarauzkohitza.eus atariak, Zarauzko txokoak, kultura, hitzak eta historia ardatz hartuta. Astero zazpi lagunek jasoko dute saria, eta parte hartzaileen artean sari berezia zozkatuko da. Atari honetan bertan izango da lehiaketa.

Hilabete eskas falta da Euskaraldia iristeko, eta motorrak berotze aldera, lehiaketa berezia prestatu dute herritarrentzat Zarauzko Euskaraldiak eta Zarauzkohitza.eus atariak. Herriko kultura, txokoak, historia, bitxikeriak nahiz euskara bera ardatz hartuta, astero galdera-sorta bat plazaratuko dugu atari honetan, eta sari mordoa banatuko dugu.

Adin mugarik ez dagoenez, familiek elkarrekin ondo pasatzeko jolas aproposa izango da.

Parte hartzea oso erraza da: astelehen goizetan jarriko da martxan aste horretako lehiaketa, eta aste osoa egongo da parte hartzeko; galderak erantzun orduko jakingo du parte hartzaileak zenbat galdera asmatu dituen. Hurrengo astelehenean, berriz, emango dugu irabazleen berri. Astero zazpi lagunek jasoko dituzte sariak, eta zortzigarren batek sari berezia jasoko du. Azken hori parte hartzaile guztien artean zozkatuko da.

Lehiaketa urriaren 19an, astelehenarekin, abiatuko dugu, eta bost aste iraungo ditu; azken galdera-sorta azaroaren 16ko astean egingo dugu, Euskaraldiaren hasierarekin bat eginez.

Sari ederrak banatuko ditugu bost aste hauetan. Astero, honakoak:

  • Euskaraldiko amantala+elastikoa, zazpi lagunentzat (lehiaketako galdera guztiak asmatzen dituztenek jasoko dute, eta zazpik baino gehiagok asmatzen badute, zozketa bidez aukeratuko dira zazpi saridunak)
  • Sari berezia, parte hartzaile guztien artean zozketa eginda. Sari hau jasoko du irabazleak: Euskaraldiko amantala + elastikoa + lanpasa + HITZAko harpidetza

Zarauzko Euskaraldia jarriko da saridunekin harremanetan, eta sariak Euskaraldiaren egoitzan jasoko dira, Zigordia kaleko 34.zenbakian (Gaztelekuaren azpian).

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide