Euskaraldia 2020

Euskaraldian parte hartzeko izen ematea irekita

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 11a, 11:00

Udazkenean egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa, azaroaren 20tikabenduaren 4ra bitartean. Herritarren hizkuntza ohiturak  aldatuta, euskararen erabilera handitzea da ariketa sozial honen helburu nagusia. 2018an 4.554 zarauztarrek hartu zuten parte ‘ahobizi’ edo ‘belarriprest’ gisa. Aurten ere, Euskaraldia bi rol horietan oinarrituko da, eta dagoeneko irekita dago izen-ematea herritar guztientzat.

Aurten, gainera, banaka zein taldean parte hartzeko aukera egongo da; azken hau, 'ariguneetan'. Ariguneak, hain zuzen ere, euskaraz lasai aritzeko guneak dira, eta ariketa errazago egitea ahalbidetuko dute. Bertan, entitateek hartuko dute parte (erakunde publiko, enpresa, osasun-zentro, ikastetxe, taberna, denda, kirol talde, kultur elkarte, etab.). Zarautzen, hain justu, 237 entitatek eman dute izena eta ehundaka arigune osatu dituzte. Orain, ariguneetako parte-hartzaileek banaka izena eman behar dute, eta ahobizi edo belarriprest izango diren aukeratu.

COVID-19 dela eta, izen-ematea (bai norbanako gisa, eta baita ariguneko kide bezala ere) online egitea gomendatzen dugu: izenematea.euskaraldia.eus. Dena den, 2018an parte hartu zutenek e-mail bat jasoko dute, eta bertako datuak egiaztatzea nahikoa
izango da izena emateko. Aurrez aurreko izen-ematea nahiago dutenek, urriaren 20tik aurrera egin ahalko dute, Euskaraldiko bulegoan (Zigordia kalea 34); goizez 11:30 – 13:30 eta arratsaldez 17:00 – 19:00. Hala ere, online egitea lehenetsiko da.

Gogoratu ahobizi edo belarriprest aukeratzean, gakoa jokabidean dagoela eta ez gaitasunean. Animatu Euskaraldian parte hartzera eta erabil dezagun euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide