Ia zerga eta tasa guztiak izoztuko ditu udalak 2021ean

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 9a, 08:54

Gehiengoz onartu zituzten 2021erako ordenantza fiskalak atzoko udalbatzarrean. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, EH Bilduk aurka, eta abstenitu egin zen Podemos Equo-Berdeak. Ondasun Higiezinen gaineko Zergan aplikatuko duten %0,9koa izango da igoera bakarra.

Atzo egindako ezohiko udalbatzarrean zerga eta tasa gehienak izoztea adostu zuten Zarauzko udal taldeek, gehiengoz. Udal Gobenuko ordezkariek(EAJ eta PSE-EE alderdiak) alde bozkatu zuten, EH Bilduk aurka eta Podemos Equo-Berdeak abstenitu egin zen. Igoera bakarra Ondasun Higiezinen gaineko Zergan aplikatuko dute: %0,9koa.

Proposamen horren aurrean EH Bilduk sartutako bi zuzenketaren inguruan eztabaidatzen jardun ziren bilkuran. Alde batetik, beste zerga guztiak bezala OHZ ere izoztea eskatu zuen koalizioak, COVID-19ak herritarren ekonomian izan duen eragina kontuan hartuta igoera hori "bidezkoa ez" dela iritzita. Podemos Equo Berdeak taldeko ordezkari Oihane Delgadok ez zuen botorik eman ez lehenengo zuzenketan ezta bigarrengoan ere; lehen hitzartzean "errespetu falta" egotzi zion EH Bilduri, zuzenketak behar baino beranduago jakinarazteagatik, eta udalbatzar aretotik atera zen Delgado, zuzenketen atala amaitu arte. PSE-EEren bozeramaile Gloria Vazquezek esan zuen OHZren %0,9ko igoera hori "oso txikia" dela familia bakoitzarentzat eta, aldiz, "kopuru polita" izan daitekeela udalak "beharra duen jendeari laguntzeko" erabili dezan. Ildo beretik jo zuen Jesus Arana EAJko bozeramaileak ere. Azaldu zuen batez beste 2 euroko igoera izango dela OHZrena familia bakoitzarentzat. 

Bestetik, OHZren errekargua hutsik dauden etxebizitzen kasuan %100ekoa izan beharrean %140koa izatea eskatu zuen EH Bilduk, alde batetik, etxebizitza horiek alokairura ateratzeko bultzada emateko, eta, bestetik, udalean diru sarrera handiagoak bermatzeko. Vazquez sozialistak kontraesanak ikusi zituen bi zuzenketaen artean, eta, Arana jeltzaleak koalizioari azaldu zion EH Bilduk egin zuela saiakera hori gobernuan izan zenean, eta gaizki atera zela: "Bigarren etxebizitzen OHZren errekargua %150era igo zuten, eta ez zuten lortu modu horretan alokairura etxe bakar bat ere ateratzea".

Iritzien trukaketaren ostean, ezezkoa atera zen EH Bilduk sartutako bi zuzenketetan; bietan aldeko zazpi boto (EH Bildurenak) eta aurkako 11 (EAJ eta PSE-EErenak) zenbatu zituzten. Ordenantza Fiskalak bozkatzerako orduan, Podemos Equo Berdeak abstenitu egin zen, argumentatuz bigarren etxebizitzetan OHZren errekargu gehigarria "marra gorria" dela beraientzat. "Ordenantza fiskalak ez dira berdintasunetik abiatu behar, helburutzat izan behar dute berdintasuna", azaldu zuen Delgadok. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, aipatu bi zuzenketetan azaldutako arrazoiak medio. 

Aranak bilkura mezu positiboa igorriz burutu nahi izan zuen: "2021a gogorra izango da ekonomikoki, baina Zarauzko Udala horri aurre egiteko egoera onean dago". 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide