Antton Lopezek akusazioa ukatu du Auzitegi Nazionalean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urriaren 8a

Antton Lopez, aurten.

Fiskaltzak 66 urteko espetxe zigorra eskatu du Lopezentzat eta Jose Miguel Latasarentzat, 1986ko kausa baten harira. Gaur deklaratu dute biek Madrilen.

Antton Lopez Kubati Zarauzko bizilagunak gaur deklaratu behar izan du Espainiako Auzitegi Nazionalean, Jose Miguel Latasarekin batera. 1986ko auzi bategatik zitatu dituzte biak: Aretxabaletako polizia etxe baten aurkako ekintzan parte hartzea egozten diete, eta horregatik, 66 urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat fiskaltzak.

Lopezek nahiz Latasak ukatu egin dute akusazioa, eta adierazi dute ez zutela parte hartu haiei leporatzen zaien atentatuan. Lopezek gogorarazi du gau horretan Ordizian egin zuela ekintza bat bera kide zen komandoak (Goierri Kosta modura ezaguna dena), Aretxabaletakoa baino ordu batzuk lehenago. Fiskalaren nahiz abokatuen galderei erantzun die.

Kubati 2013. urtean geratu zen aske, 26 urteko espetxealdia osorik beteta. 2018an eta aurtengo urtarrilean atxilotu zuten, euskal preso politikoei egin zaizkien harrerekin lotuta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide