Harrera beroa egin diote herrian Ekhine Eizagirreri

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urriaren 8a

"Plaza bete elkartasun eta maitasun" helarazi nahi izan zizkioten Ekhine Eizagirreri atzo iluntzean Musika Plazara bertaratutako herritarrek. Ongietorri xume baina jendetsua eskaini zioten zarauztarrari.

Astelehenean eraman zuen atxilo Ekhine Eizagirre zarauztarra Guardia Zibilak, eta behin Espainiako Auzitegi Nazionaletik ateratakoan, etxera itzuli zen atzo iluntzean. Baldintzapean aske utzi zituen Ismael Moreno epaileak Eizagirre eta harekin batera atxilotutako Kepa Arkauz eta Imanol Jaio. Zarauztarrek gertaera gogor salatu zuten astelehen eta asteartean; baita atzo ere, baina beste tenore batekoa izan zen elkarretaratzea. Eizagirreri ongietorri beroa egin zioten herritarrek Musika Plazan, musikaz girotutako ekitaldi xume eta goxoan. Musika Plaza apaindu zuten, eta, horrez gain, "maite zaitugu" irakur zitekeen atzo iluntzean herriko hamaika txokotan jarritako pankartetan.

Gertukoenek inguratuta iritsi zen plazara Eizagirre, herritarren txalo zaparradapean. Zarauzko Bilgune Feministako Edurne Epeldek hartu zuen hitza lehenik. Ongietorri beroa eman ondoren, argi utzi zuen gisa honetako ekintzarik ez dutela onartuko. "Euskal Herrian bake bidean urrats esanguratsuak ari dira ematen, saiakera horretan ari gara, baina argi gelditu da bide luzea geratzen dela. Poliki goaz, nahi baino polikiago". Amaitzeko, bake bide horretan jarraitzeko "konpromisoa" azaldu zuen Bilgune Feministaren eta Euskal Herriko beste hainbat eragileren izenean. "Espetxeak hustutzeko eta zauri guztiak osatzeko garaia da", aldarrikatzen burutu zuen hitzartzea Epeldek. 

Eizagirrek berak hartu zuen hitza ondoren; esker hitzak izan zituen bertaratutako denentzat, eta, bereziki, atxilotuta eraman zuten unean, miaketaren ostean, kalean zeuden herritarrei eman zizkien eskerrak. "Jende hori hor ikusteak izugarrizko indarra eman zidan une horretan". Amaitzeko, espetxeetara igorri zuen elkartasun mezua Eizagirrek, "garai zail hauetan bertan dauden kide guztientzat".

Erlazionatuak

Ekhine Eizagirre atxilotu du Guardia Zibilak

Onintza Lete Arrieta-Amaia Urbieta Arruti 2020 urr 05 Politika

Aske utzi dute Ekhine Eizagirre

Amaia Urbieta Arruti 2020 urr 07 Politika

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide