Lau positibo berri Zarautzen

Julene Frantzesena 2020ko urriaren 6a

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo baino kasu positibo gehiago zenbatu ditu Osakidetzak, baina gauzatutako PCR proben kopurua ere altuagoa da. Zarautzen hamar kasu berri atzeman zituzten asteburuan.

Hamabi. Horixe izan da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo egindako PCR probetan Urola Kostan atzemandako positiboen kopurua. Horietatik erdiak Azpeitian zenbatu dituzte; hau da, sei positibo. Eta gainerakoak Zarautzen (4) eta Azkoitian (2). Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik zenbatu. Gainera, badira azken zazpi eguentan positiborik atzeman ez duten herri batzuk, hala nola Aizarnazabal, Aia, Beizama eta Getaria.

100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuruaren tasari erreparatuta, Azpeitian pixka bat gora egin du zenbatekoak: azken zazpi egunetan 44 kasu detektatu dituzte, eta 292,26 da tasa. Gipuzkoan, 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasarik altuena duen herria da, eta Azpeitiaren atzetik dago Azkoitia. Izan ere, han 34 kasu zenbatu dituzte azken astebetean, eta 259,83 da tasa. Zarautzen, berriz, 22 kasu zenbatu dituzte azken zazpi egunetan, eta tasa puntuaren azpitik dago: 94,42 da.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino kasu positibo gehiago zenbatu zituen atzo Osakidetzak, baina gauzatutako PCR proben kopurua ere altuagoa izan zen. Hain zuzen ere, atzo 7.424 proba gauzatu zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan, herenegun baino 2.058 gehiago. Proba horietan 336 positibo atzeman zituzten atzo –272 herenegun–. Araban 52 positibo, Bizkaian 168 eta Gipuzkoan 112 zenbatu zituen atzo Osakidetzak. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau lagunek ere eman zuten positibo. Proba egin eta positibo eman dutenen ehunekoak herenegungoaren parekoa izaten jarraitzen du: %4,5. 

Atzo 33 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur egun, 240 lagun –herengun baino bost gutxiago– daude hiru lurralde horietako erietxeetan, koronabirusa tarteko. Horietatik 56 daude ZIUn –herenegun baino hiru gutxiago–. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea 0,95 da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide