Zarautz On martxan da berriz, eta iragarri duenez, egitarau oparua du esku artean udazken honetarako. Lehenengo ekimenaren berri eman du jada: elkartearen Ondarea eta Hezkuntza programaren barruan, Pablo Picasso artistaren inguruko hitzaldi bat prestatu du datorren astearterako, urriak 6. Angel Uranga margolari eta ikertzaile zarauztarra izango da hizlaria.
"Pintura modernoaren aitzindari den Picassoren lanaren azterketa estetikoa" egingo du Urangak saio horretan. Les Desmoiselles d'Avignon izeneko margolanaren inguruan arituko da batez ere, eta antolatzaileen esanetan, "koadro horren atzean dagoen lan guztia" azalduko du. Hain zuzen, gai hori izan zuen aztergai Urangak doktoretza tesian.
Modelo aretoan izango da hitzaldia, 19:30ean hasita. Zarautz Oneko kideek azaldu dutenez, gainera, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu dute saioa. Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak sustatutako zikloa da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere lur hartuko du. Gipuzkoan 143 ekimen egingo dituzte jardunaldi horien barruan, 35 herri desberdinetan. Zarautzen izango dira horietako bi, tartean, Urangaren hitzaldia.