Euskal Herriko hamaika herritan izan ziren janari bilketak aurreko asteburuan, Lesboseko Moria kanpamenduko pertsona errefuxiatuei laguntzeko. Zaporeak elkarteak jarri zuen martxan "bilketa erraldoia", eta Zarautzen, Hotz Zarautzek eta Iñurritzako jubilatuen elkarteko kideek heldu zioten ekimenari. Hala, bi bilketa puntu prestatu zituzten aurreko ostiralerako eta larunbaterako, hain zuzen, Gipuzkoa kaleko 32. zenbakian eta Iñurritzako jubilatuen elkartean.
Bi egunez izan ziren han boluntarioak, eta "harrigarria" eta "sinestezina" iruditu zitzaien deialdiak izandako erantzuna. Mutrikuko Gaztetxetik nahiz Zestoatik ere Gipuzkoa kaleko bilketa puntuetara bideratu zituzten elikagaiak. Hortaz, bi ekarpen horiek gehituta, 7.000 kilo janari bildu zituzten Zarautzen. Diru bidezko ekarpena ere egin zuen hainbatek, eta orotara, 2.960 euro jaso zituzten.
Hona hemen jasotako produktu guztien datu zehatzak:
- Arroza: 1.175 kilo
- Txitxirioak: 940 kilo
- Dilistak: 235 kilo
- Babarrunak: 614 kilo
- Makarroiak: 1.116 kilo
- Esne hautsa: 245 kilo
- Olioa: 1.228 litro
- Atuna eta sardina latak: 50 kaxa
- Espeziak: 8 kaxa
- Barra energetikoak: 7 kaxa
Esker ona
Antolatzaileek "bihotz-bihotzez" eman dizkiete eskerrak janari bilketan parte hartu zuten pertsona guztiei, eta ondorengo gutuna helarazi diote ZARAUZKO HITZAri:
"Irailaren 8an Moriako errefuxiatuen esparruan gertaturiko sutearen ondorio latzak ikusita, milaka eta milaka pertsona geratu dira larrialdi egoera tamalgarrian, eta pertsona horiei lagundu nahian, Zaporeak elkarteak janari bilketa antolatu zuen pasa den asteburuan Euskal Herriko hainbat herritan.
Zarautzen, Iñurritzako jubilatuen elkartearekin eta Hotz Zarautz elkartearekin batera antolatu zuen janari bilketa irailaren 25erako eta 26rako; lerro hauen bidez bertara janaria eraman zuten herritar guztiei eta diru ekarpenak egin zituztenei gure esker ona adierazi nahi diegu bihotz-bihotzez, erantzuna benetan handia eta arrakastatsua izan baita.
Eskerrak eman gurekin kolaboratu duten guztiei, eta Zestoako kultur etxetik eta Mutrikuko Gaztetxetik janaria ekarri zutenei. Eta nola ez, bilketan lagundu duten boluntario guztiei, haiek gabe hau guztia ez litzatekeelako posible izango. Guztira, 7.000 kilo inguru janari eta 2.960 euro bildu dira. Eskerrik asko guztiei benetan!".