Bereziki adinekoen egoitzak kolpatu ditu COVID-19aren ondorioz bizitzen ari garen osasun krisiak. Egoera oso gogorrak bizi izan dira gure egoitzetako batzuetan, kutsatuak artatzeko baliabide materialen eta giza baliabideen faltak gain hartuta.
Gaur-gaurkoz (irailak 28), 169 pertsona hil dira.
Batzuek egoera aprobetxatzen dute boterean daudenak politikoki erasotzeko. Bidezkoa izan daiteke, baina guk uste dugu ez dela erasorako garaia, elkarlanerakoa baizik, gure emozio sumendia moderatzekoa, kritika interesatuak edo katastrofikoak beste baterako uzteko garaia. Hala, bizitzak salbatzen laguntzeko eta honen guztiaren eragin negatiboak gutxitzeko. Esfortzuak partekatzeko eta denok norabide berean arraun egiteko unea da, konponbideak aurkitzeko.
Adineko pertsonak dira edozein gaixotasunen aurrean zaurgarrienak, baita COVID-aren aurrean ere.
Ezer baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko datuen laburpen txiki bat erakutsi nahi nuke. 65 urtetik gorako 497.117 biztanle gara, eta portzentajea goraka doa modu progresiboan. Laster horien guztien %20 mendekoak izango dira (99.423 pertsona). Gaur egun, 370 adineko egoitza daude, 20.495 egoiliarrentzako tokiarekin. Horietatik 14.018 toki publikoak dira, eta 6.477 pribatuak. Egoitza horietako egoiliar gehienak adineko pertsonak dira, eta halabeharrez bizi dira egoitzetan, beren etxeetan artatuak izatea ezinezkoa delako. Ezaugarritzen ditu bizitzako fase terminalean egoteak, erabateko dependentzian iristen dira, eta artatzeko behar handiarekin. Erabateko mendekotasuna dutenen artean, bestelako alternatibarik ez dutenen kopurua haziz joango da, eta, beraz, gaur egun ditugun zerbitzuak ez dira nahikoa izango. Egoitzek prest egon beharko dute, batez ere, osasun gaiei erantzuteko. Etorkizun oso hurbileko mendeko pertsonek (99.423-20.495=78.925) beharko dute egoitza motaren bat, batez ere gizarte zerbitzuen ikuspegitik, beren arazoak konpontzeko. Mendekoak, baina autonomoak izango dira gehiago edo gutxiago.
Azkenik, adineko pertsonen artetik (497.117-99.423) 397.694 pertsona geldituko dira ondorengo egoeraren batean:
A. Zati garrantzitsu bat, inolako laguntzarik behar ez duena eta erabat autonomoa, bai osasun aldetik, bai ekonomikoki, familiari dagokionez...
B. Beste zati garrantzitsu bat, laguntzaren bat beharko dutenak gabeziaren bat dutelako arlo ekonomikoan, familiari dagokionean (bakardadea, esaterako)...
Laburbilduz:
A. Beste aukerarik ez dutenak.
B. Nolabaiteko autonomia duten mendeko pertsonak.
D. Mendekoak ez direnak, baina gabezia edo hutsuneren bat dutenak arloren batean.
E. Laguntzarik behar ez dutenak.
Zehaztapen batzuk:
A. Talde honetakoentzat kudeaketa eta titulartasun publikoko egoitza sarea beharko litzateke. Langileen lan baldintzak eta gaitasunak hobetu beharko lirateke. Ratio hobeak langileentzat, eta egoiliar gehiagorentzat tokia ere beharko litzateke. Eraikinen ezaugarriak eta arkitektura hobetu beharko lirateke. Azkenik, titulartasun eta kudeaketa publikoa behar lukete, arriskutsua litzatekeelako eta ez oso gomendagarria, kolektibo hori artatzen duten enpresek irabazi asmoak edukitzea.
B. Talde honetan, egoitzak ezingo luke egoiliarra tratatu soilik zerbitzu hartzaile gisa. Pertsonaren duintasunean, eskubideetan eta autonomian oinarritu beharko litzateke, eta subsidiaritate eta arduratik kudeatu, erabakietan partaidetza sustatuta. A taldekoentzat esandakoez gain, garrantzitsua litzateke etxeko zerbitzua indartzea, langileekin eta eskualdekako Gizarte Zerbitzuetatik bideratuta, udal elkarteak eta kontsortzioak bultzatuta.
D. Talde honetakoentzat, etxeko zerbitzua indartu beharko litzateke. Kooperatiba integralen bideragarritasuna aztertu behar litzateke, hau da, titulartasun publiko soziala duten egoitzena. Azkenik, jendea etxean bizitzera bultzatu beharko litzateke, nahiz eta erresidentzia gunean izan.
E. Talde honetakoek ez lukete arreta berezirik beharko, nahiz eta ondo etorriko litzaieken etxez etxeko arreta.
Ondorioak: uste dugu egungo arazoak konpontzeko modu egokiena makrozentroak betirako kentzea dela. Horren ordez, Pertsonarengan Oinarritutako Arreta modeloa jarriko genuke martxan. Presazkoa da modelo aldaketa hori orokortzea, egoitza bakoitzeko testuinguru zehatza kontuan hartuta.
Horrez gain, uste dugu hobeto uztartu behar direla Gizarte Zerbitzuak, osasunekoak eta arretakoak, erantzun koherenteak eskaintzeko benetako beharrei egokituta. Ekosistema bera edo ekosistema beraren parte izan behar dute. Ez da onargarria laguntza behar duten pertsonak zerbitzu batzuetatik besteetara ibiltzea ,beren arazoek erantzun zehatzik jaso gabe. Konponbide bat litzateke erreferentziazko pertsona bakarra edukitzea zerbitzu hauetara jotzen denean: arazo kudeatzailea.
Gizakiok zainduak izatea behar dugu hauskorrak eta zaurgarriak garelako, gure autonomia behin-behinekoa delako, baita erlatiboa eta zirkunstantziala ere. Zaintzarik gabe, bizitza ez delako bideragarria. Zainketa da gizakiaren bizitzako forma naturala. Zaintzen gaituzte, zaintzen dugu, eta berriz zaintzen gaituzte, bizi zirkulu batean, zeina saiatu behar genukeen bertutetsua izan dadin, zentzua ematen laguntzen diolako existentzia pertsonalari eta indartzen duelako gure muskulua komunitate aurreratu eta aurrerakoi gisa. Gure irautea afektibitatez, enpatiaz eta giza berotasunez elikatzea behar dugu. Gainera, derrigorrezko irizpidea behar luke izan bere burua zaintzeko gai den gizartea lortzea, haren garapenaren eta aurrerapenaren indarra neurtzerakoan.