Txikiren hilobiaren aurrean elkartu dira gaur ere hainbat herritar eta haren ahaideak. Zarauzko Udaleko EH Bildu eta Podemos-Equo Berdeak taldeetako ordezkariak ere izan dira bertan, baita Rufi Etxeberria eta Haimar Altuna Sortuko ordezkariak eta Madrilgo parlamentuan EH Bilduren diputatu den Metxe Aizpurua ere.
Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatu du ekitaldia, eta Martxelo Alvarez bertako bozeramaileak hartu du hitza lehenik. Frankismo garaiko azken fusilamenduak gogoan, memoria historikoaren lege berriaren zirriborroa mahai gainean dagoela ohartarazi du, baina mesfidati agertu da lege berriaren eraginkortasunarekiko. "Beharrezkoa da borrokalari hauen zilegitasuna aitortzea eta beren borroka oroitzea", azaldu du.
Jarraian, Gure Boza zortzikoteko kide batek Txikiren omenezko bertsoa abestu du, eta ondoren Luis Eduardo Aute bakarlariak bost fusilatuak oroitzeko sortutako Al alba kantua abestu du zortzikoteak. Segidan etorri da omenaldiko unerik hunkigarriena izan ohi dena; hala izan da gaurkoan ere. Gitarraz eta ahoko soinuaz lagundurik, Txikik berak idatzitako letratik sortutako kantua abestu dute. Letraren zati bat irakur daiteke hilobian ere: Mañana cuando yo muera, no me vengais a llorar, siempre estaré bajo tierra, soy viento de libertad (bihar hiltzen naizenean, aieneka ez etorri, ez naiz lur azpiko amets bat, askatasun haizea naiz). Amaitzeko, aurreskua egin dute hilobiaren aurrean, eta Eusko Gudariak abestu dute.
Hemen ekitaldiaren laburpen bideoa: