Gizonezkoentzako Mindfulness ikastaroa antolatu dute udazkenerako

Dorleta Agiriano Lai 2020ko irailaren 26a

Gloria Vazquez eta Juan Pedro Fernandez Otsa. (Zarauzko Udala)

Ostegunetan izango dira saioak, Gaztelekuan, eta Juan Pedro Fernandezek egingo ditu irakasle lanak. Meditazioa, autokontrola, emozioak nahiz errespetua landuko dituzte gizonezkoei zuzendutako ikastaro honetan, urritik abendura bitartean.

"Mindfulness erabateko kontzientzia da, eta zenbat eta denbora gehiago egon kontzientzia horretan, orduan eta hobeto". Denbora mugatuarekin izan arren (bi orduko saioak izango dira), udazken honetan Mindfulness ikastaroan parte hartzeko aukera izango dute Zarauzko gizonezkoek. Juan Pedro Fernandez Otsak gidatuko ditu saioak ostegunero-ostegunero, urriaren 15etik abenduaren 17ra bitartean.

Yoga eta Mindfulness irakaslea da Fernandez, eta azaldu du batez ere "burua" landuko dutela ikastaroan, "burua delako dena". Horretarako, besteak beste "autokontrola eta meditazioa" finduko dituzte, eta "lasaitasuna" lortuko dute parte-hartzaileek. Horrez gain, "balioen gaia" ere ukituko dutela dio Fernandezek, eta "polaritateak, emozioen gaia, errespetua eta onarpena" ere landuko dituzte. "Hori guztia sartzen da Mindfulnessean".

Irakasleak dio "ez duela generorik Mindfulnessak", baina, hala ere, emakumeen presentzia askoz handiagoa dela. Hala, gizonezkoek ere ariketa horiei heltzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, "meditatzen ari garenean jabetzen gara gure burua nola doan", Fernandezen arabera, eta horrek lotura zuzena du jokabidearekin: "Buruak software batekin lan egiten du, gizonezkoei ere txikitatik eman dizkiguten mezu batzuekin [...] emakumeak baino gehiago garela, indartsuagoak garela...". Fernandezen arabera, gizonezkoak "inplikatzeko" modu bat da, beraz, aipatutako ariketak egitea.

Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak azaldu du honakoa ez dela Parekidetasun Sailak gizonezkoei zuzendutako lehenengo ikastaroa, eta nabarmendu du premiazkoa dela bakoitzak bere buruari galdetzea": "Zer egin dezaket nik indarkeria matxistarekin bukatzeko?.

Momentuz, bide horretan, Mindfulness ikastaroa da martxan Zarautzen. Datorren astelehenean irekiko dute izen emate epea, eta urriaren 9a izango da azkeneko eguna. Posta elektronikoz (emakumeen-etxea@zarautz.eus) edo telefonoz /943 005 117) eman daiteke izena.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide