Zuhaitz bat erori da Oikia inguruan, eta itxita dago Zarautz eta Zumaia arteko trenbidea

Dorleta Agiriano Lai 2020ko irailaren 25a

(Utzitakoa)

Trenaren katenaria gainera erori da zuhaitza, 10:00ak aldera. Une honetan ezin da Zarautz eta Zumaia arteko bidea trenez egin, baina autobus zerbitzua jarri du martxan Euskotrenek.

Zarauztik Zumaiara zihoan trenak istripua izan du gaur goizean, 10:00ak baino lehen: Oikia ingurura iritsi denean, zuhaitz bat erori eta trenaren katenaria jo du, matxura eraginez.

ZARAUZKO HITZAk jakin duenez, ez ziren bidaiari asko barruan, eta oinez mugitu behar izan dira Oikiara. Taxia hartu dute handik, Zumaiara.

Euskotrenek ZARAUZKO HITZAri jakinarazi dio une honetan itxita dagoela Zarautz eta Zumaia lotzen dituen trenbidea. Hortaz, autobus zerbitzua jarri du martxan bi herri horien artean: Donostiatik Bilbora bidean doazen bidaiariek Zarautzen jaitsi behar dute, eta autobusez joango dira Zumaiara. Zumaian berriz igo ahal izango dira trenera, Bilborako norabidean, baina hainbaten kasuan, helmugaren arabera, haraino eramango dituzte autobusean.

Alderantziz, Bilbotik Donostiara bidean doazen bidaiariek ere berdina egin beharko dute Zumaiara iristean: trenetik jaitsi eta Zarautzera mugitzeko autobusa hartuko dute han. Zarautzera iristean, trenera igo ahal izango dira berriz, Donostiarako norabidean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide