Zarautzen hamar positibo berri atzeman dituzte azkeneko PCR probetan

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 23a, 14:43

Atzotik nabarmen hazi dira PCR kasu positiboak Urola Kostan. Zarautzi dagokionez, bost positibo detektatu zituzten astelehenean, eta hamar azkeneko probetan.

Azken orduetan bosna positibo atzeman dituzte Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan egindako PCR probetan; lau positibo Orion; zazpi Zumaian; eta hamar Zarautzen. 36 positibo denera Urola Kostan. Atzoko datuekin alderatua, igoera nabarmena izan da, bezperan bederatzi lagun baitziren kutsatu berriak eskualdeko herrietan.

Zestoari dagokionez, Osakidetzaren atzoko txostenean positibo berririk ez zuten zenbatu herri horretan, baina atzo bertan jakinarazi zue alkateak bost kasu berri egon zirela; gaurko txostenean Osasun Sailak Zestoan bost positiboren berri eman duenez, ondorioztatu daiteke atzo alkateak aurreratutako bost horiek direla gaurko datuekin eman dituztenak. Astelehenetik itxita daude Zestoan herriko taberna guztiak eta baita eraikin publikoak ere, eta bertan behera gelditu dira hainbat ekitaldi, aurreko astean kasu positibo ugari atzeman ondoren, egoera kontrolatzeko helburuarekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tasa altuena dute Zestoan: 834,86. Zer neurtzen du horrek? Bada, azken zazpi egunetako tasa 100.000 biztanleko.

Hego Euskal Herriko egoera

Bestalde, kontuan hartu behar da azken orduetan aurreko egunean baino PCR proba gehiago egin dituela Osakidetzak: 9.760 proba egin ditu, eta 405 kasu positibo egon dira. Aurreko egunean, berriz, 8.519 PCR probaren emaitza izan ziren 314 kasuak. Azken orduetan 51 kasu berri atzeman dituzte Araban, 177 Bizkaian, eta 169 Gipuzkoan. Beste zortzi kasu ere egon dira.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du azken astean ustez koronabirusen eraginez hildako pertsonen kopurua; Osasun Sailaren arabera, irailaren 14tik 20ra bitartean 62 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 29 pertsona ospitaleratu zituzten atzo hiru lurraldeotan COVID-19aren ondorioz; gaur-gaurkoz, denera 275 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 56 ZIUn.

Nafarroak, bestalde, lehen aldiz gainditu du 400 kasu positiboren langa. Guztira, 425 positibo atzeman ditu Osasunbideak Nafarroan atzo egindako PCR probetan. 3.441 proba egin zituzten han, orain arte egun bakar batean egindako kopururik handiena da hori, eta %12,3ak eman zuen positibo. Nafarroako ospitaleetan 221 lagun daude ospitaleratuta egun, horietatik 25 ZIUn. Hildako bat ere zenbatu zuten atzo, Nafarroan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide