Jon Artola: "Denboraldia bikaina izan da"

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 22a, 08:47

Jon Artola, igandean, zaleek egin zieten ongietorriko une batean (Onintza Lete Arrieta)

Eusko Label ligan mantentzeko play-off asteburu gogorra eta gero, atzo, astelehena, Jon Artola ZAEko presidenteak HITZAri aitortu zion orduantxe hasi zela mentalki deskantsatzen.

Eusko Label ligan jarraitzeko txartela eskuratu zuen asteburuan Enbatak (ikusi hemen emaitzak nahiz ongietorriko irudi eta bideoa), eta Zarautz Arraun Elkarteko presidente Jon Artola nekatuta, baina pozarren zen atzo. Esan zuen orduantxe hasia zela deskantsatzen mentalki. "Klub batean, ordea, beti dago zer egina, batzuek lanak amaitu orduko besteak hasten direlako; kasu honetan, gaztetxoak", esan zuen segidan.  

Denboraldiaren balorazioa egiterakoan, gustura baino gusturago zen atzo Artola. «Balorazioa oso-oso ona da. Denboraldia bikaina izan da; play-offak jokatzetik libratu izan bagina, ohorezko matrikula lortuko genukeen». Denboraldi hasieran beren buruei jarritako helburu guzti-guztiak bete dituztela esan zuen: «Aurreneko helburua zen Eusko Label ligan duin ibiltzea, ez geratzea estropadero besteengandik minutu batera, eta hori erraz lortu dugu, atzeko seikoarekin borrokatu baikara; bigarren helburua zen azken postuan ez gelditzea, eta hori ere lortu dugu; Kontxari dagokionez, sailkatzea bera sekulakoa izan da, hor ere helburua ederki beteta gelditu da; azkenik, play-offa gainditzea zen helburua, eta hori ere bete dugu». 

Emakumezkoen trainerua?

Datorren denboraldiaz hitz egiten hasteko goizegi den arren, igandean bertan nahiz atzo ZAEko ordezkariak aurreratu zuen lanean ari direla nesken talde bat egon dadin. «Hiru laguneko talde bat buru-belarri dabil helburu horrekin, eta oraindik goizegi bada ere trainerua egongo dela esateko, hitz handiak direlako horiek, bide horretan goazela esan dezakegu».

Horregatik, Artolak neska eta emakume oro animatu zuen klubera gerturatu eta arraunean hastera. «Besozabalik hartuko ditugu».  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide