Irailaren 15ean amaitu zen Zarauzko hondartza denboraldia. Oso berezia izan da aurtengoa, COVID-19a ez hedatzeko hartutako neurriak tarteko: zerbitzu batzuk kendu egin dituzte eta hondartzako edukiera mugatu dute. Xabier Txurruka alkateak eskerrak eman dizkie "udako zaintza lanetan" jardun diren langileei: sorosleei, hondartzainei, sarrerazainei, garbitzaileei, udal brigadako kideei, udaltzainei... "azken hiru hilebeteetako erronka zailari hain txukun erantzuteagatik".
Era berean, herritarrei gogorarazi die alkateak "norbere erantzukizunpean geratzen dela aurrerantzeko hondartzaren erabilera". Udaltzaingoa arduratuko da denboraldiz kanpoko hondartzaren zaintzaz, eta ohartarazi du indarrean jarraitzen dutela "COVID-19agatik hartu beharreko distantziak eta higiene neurriek".
133 erreskate
BPXport enpresak kudeatu du aurten ere sorospen zerbitzua, eta udalak ohar bidez nabarmendu du ez dela hildakorik izan aurten Zarauzko hondartzan. Guztira, denboraldi osoan 78 eskuhartze egin dituzte sorosleek eta, denera, 133 pertsona erreskatatu dituzte. Horrez gain, zortzi galdutako ume zaindu dituzte. Anbulantziaren eta botikin zerbitzuren aldetik, berriz, guztira 431 eskuhartze egin dira udara guztian.
Zerrenda honetan daude ikusgai eskuhartze kopuruak, dataka sailkatuta:
- Ekainaren 15etik uztailaren 15era: 52 eskuhartze egin dituzte sorosleek, denera 88 pertsona izan dira erreskatatuak
eta zazpi ume galdu. 89 eskuhartze izan dira botikin eta anbulantziaren aldetik. - Uztailaren 15etik abuztuaren 15era: Zazpi eskuhartze izan dira sorosleen aldetik, denera zortzi pertsona izan dira erreskatatuak.156 eskuhartze izan dira botikin eta anbulantziaren aldetik.
- Abuztuaren 15etik irailaren 15era: Hemeretzi eskuhartze izan dira sorosleen aldetik, denera 37 pertsona izan dira erreskatatuak
eta umebakarra galdu da.186 eskuhartze izan dira botikin eta anbulantziaren aldetik.