Eusko Label ligan jarraitzeko txartela eskuratu du Zarautzek gaur Portugaleteko itsasadarrean jokatutako estropadan. Pozarren itzuli dira etxera Enbatakoak, eta Kulixkan bazkaldu ondoren, udaletxe aurreko plazara joan dira txistularien doinuei segika.
Zaleen txalo artean, bigarren taldekoek pasilloa egin diete arraunekin, eta une batean ke urdinez bete da plaza. Oholtzara igo, eta Beñat Intxauspek banan-banan esan ditu haien izenak. Tartean, eskerrak ere eman dizkie babesleei, eta iradoki du datorren denboraldian nesken trainerua izango ote duen ZAEk. Arraunlarien artean, Ekhi Illarramendi falta zen, atzo ume baten aita izan zelako, baina kideek azaldu dute zuzenean jarraitzen ari zela ekitaldia, sakelakoari esker.
Jon Artola presidenteak ere hartu du hitza, eta hark ere esker oneko hitzak izan ditu arraunlarientzat, babesleentzat eta Zarauzko Udalarentzat, eta bereziki azpimarratu izan nahi du pertsona bat, "azken urtebetean buelta eman diolako taldeari". Gari Uranga entrenatzailea goraipatu du Artolak, baina hura ez da mikrofonora gerturatu.
ZAEren elastiko asko zale txiki nahiz helduen artean, eta horietako bik aurreskua egin diete arraunlariei. Bakarren bat emozioak hartu du oholtza gainean, eta besarkada bat baino gehiago etorri da ondoren.
Bertsoak ere izan dira. Andoni Egaña igo da oholtzara, eta ohi duen moduan, umorea erabili du, esateko espero duela hurrengo urtean ere Kontxa jokatzea Enbatak, eta asko eskatzea ez bada, zaleek ere bertatik bertara ikusi ahalko dutela (astelehen honetan, irailak 21, bertsoak eta ekitaldia osorik ikusteko aukera egongo da atari honetan zein Erlo Telebistan).
Enbataren abestia kantatuz amaitu da ekitaldia, eta gora Enbata! dezente entzun dira zaleen artean.
Argazkiak: Onintza Lete Arrieta/Hitza