Aitzol Garro patroi lanetan dela, bizi ekin dio play-offeko estropadari Enbatak. Denboraz besteen aurretik ibili dira zarauztarrak lehen minutuetan. Lehenengo ziaboga pasatakoan hala ziren, eta bigarrenean ere bai. Azken luzean ere aurrea hartuta ibili da Zarautz. Haizearen aurka aritu dira azken luzean, eta azkenean 21:19 denbora egin dute Enbatakoek. Dena emanda iritsi dira helmugara. Hala ere, Tiran gailendu zaie, 21:18 denbora eginda.
Lehia bizi-bizia egon da bosten artean: 21:20 denbora egin du Samertolameuk, 21:21 Pedreñak, eta 21:23 San Pedrok.
Aitzol Garrok adierazpenak egin ditu estropadaren amaieran. "Espero zen honelako estropada bat, maila oso altua eman dutelako denek. Haizearekin nahikoa narrasa jarri zaigu estropada, eta oso teknikoa izan da", esan du. Ekhi Illarramendi taldekidea zoriondu du Garrok, "aita izan delako gaur".
Eusko Labelerako txartela zeinentzat den bihar eguerdian erabakiko da Portugaleten. Gaur, honela gelditu da sailkapena:
1. Tiran 5 puntu
2. Zarautz 4 puntu
3. Samertolameu 3 puntu
4. Pedreña 2 puntu
5. San Pedro 1 puntu
Hurrenkera honetan lehiatu dira gaur Bermeon: Pedreña, Zarautz, San Pedro, Tiran eta Samertolameu. Bost traineru, eta bi txartel Eusko Label ligan aritzeko datorren denboraldian.
"Konfiantzarekin, baina ez konfiatuta"
ZAEko arraunlariek aste honetan HITZAri adierazia zioten Pedreñak eta San Pedrok "oso indartsu" daudela erakutsi dutela. Galiziatik datozen bi taldeak agian ez dituztela hainbeste ezagutzen esan zuten, baina argi zuten "oso maila altua" emango dutela, urtero bezala. "Konfiantzarekin goaz play-offera, baina gehiegi konfiatu gabe". "Gure lana egin eta asmatzen badugu, gainontzeko taldeek garesti izango dute goi-mailara igotzea", esan zuten.
Pedreña eta San Pedro aipatu arren, Tiran izan da gaur indartsuena.
Eusko Label liga 11. postuan amaitu du Enbatak, 63 punturekin. Hamargarrrenean Ares sailkatu da, 65 punturekin, eta hamabigarren Kaiku, 40 punturekin. Hala, gaur Tiran, Samertolameu, Pedreña eta San Pedro izan ditu aurrez aurre Eusko Labelerako txartelaren bila.