Aurreko egunetan bezala, atzokoan ere herritar batzuek eman dute positibo PCR probetan, hain zuzen ere, 11 herritarrek.
Urola Kostako 11 herrien artean, berriz, aste honetako positibo kopururik handiena batu zuten atzo. Guztira, eskualdean 43 positibo berri zenbatu zituen Osakidetzak: Zarauzko positiboez gain, hamalau Azkoitian, bosna Azpeitian, Orion eta Zestoan, bi Aian eta bat Zumaian.
Atzo, 9.166 PCR proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bezperan baino ia bi mila gutxiago, eta 519 kasu positibo zenbatu zituzten guztira hiru lurraldeetan, 85 Araban, 232 Bizkaian eta 190 Gipuzkoan. Horiez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamabi lagunek ere positibo eman zuten PCR probetan.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo beste 36 lagun ospitaleratu zituzten gaitz horrek jota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIUn), berriz, 53 gaixo zeuden atzo, herenegun baino bi gutxiago. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, berriz, 0,89koa da hiru lurraldeen datuak batuta.
Nafarroan, hiru pertsona hil dira COVID-19ak jota azken 24 orduetan, Osasunbideak gaur jakinarazi duenez; datuak zenbatzen hasi zirenetik, 553 hildako eragin ditu gaitzak Nafarroan. 2.854 PCR proba egin dituzte eta 274 kasu positibo berri zenbatu dituzte; beraz, egindako probetatik %9,6k eman dute positibo. Azken orduetan 20 lagun ospitaleratu dituzte Nafarroako erietxeetan koronabirusa dela-eta, baina ZIUn ez dute gaixo berririk sartu.